Gorritxoen garaipen bikoitza

Andoni Elduaien 2023ko api. 23a, 14:11

Ane Zulaika, Elorrioko jokalari batekin lehian. (Anaitasuna)

Emakumeen lehen taldeak 1 eta 0 hartu zuen mendean Elorrio, sailkapeneko hirugarren taldea. Gizonen taldeak, berriz, modurik hoberenean agurtu zuen denboraldia, Gasteizen. 0 eta 4 irabazi zuten Xabi Artetxerenek.

Asteburua biribila izan da Anaitasuna futbol taldearen gizon-emakumeentzat. Atzo, zapatua, jokatu zituzten bi taldeek norgehiagokak. Emakumeen taldeak 1 eta 0 hartu zuen mendean Elorrio, sailkapeneko hirugarrena. Gizonen taldeak, berriz, 0 eta 4 irabazi zuen San Ignacio taldearen aurka, Gasteizen.

Aukera gutxiko lehen zatia jokatu zuten emakumeek Txerloian. Dena den, abagune horietan garbiena bisitariena izan zen, baina baloia langa gainetik bidali zuten orduan elorriarrek. Osterantzean, lehia parekatua jokatu zuten Anaitasunak eta Elorriok lehen 45 minutuetan.

Partida Anaitasunaren aldera bideratuko zuen gola bigarren zatiaren hasieran iritsi zen. Aldageletatik itzuli eta bost minutura, Enara Andueza erdiko atzelariak egin zuen gorritxoen gola; Anduezak area barruko baloi solte bat baliatu zuen, eta hainbat aldaratzeren ondoren baloia sareetara bidali zuen. Gola egitea lortu zuen abagunea besterik ez zuen sortu Mikel Barquero entrenatzailearen taldeak. 

Hiru puntu garrantzitsu bildu zituen atzo emakumeen taldeak atzo. Orain, sailkapeneko 11. postuan dago taldea, 37 punturekin. Datorren asteburuan ere Txerloian jokatuko dute Barquerorenek. Hain zuzen, sailkapenean Anaitasunarekin batera dabilen Zarautz izango dute arerio.

Denboraldi amaiera bikaina

Gizonen taldeak, bestalde, 0 eta 4 irabazi zuen San Ignacio taldearen aurka atzo, Gasteizko Adurtzabal zelaian. Atsedenaldira golik egin gabe iritsi ziren bi taldeak, baina gorritxoen festa aldageletatik bueltan hasi zen. 63. minutuan, Mikel Aramendik erdiratutako korner jokaldi bateko aldaratzea baliatu zuen Unai Aranbarrik baloia sareetara bidaltzeko. Huts eta batekoarekin, Anaitasuna eroso aritu zen, eta handik gutxira egin zuten gorritxoek bigarrena. Dani Marinena izan zen gola, eta hark ere korner erdiraketa bat baliatu zuen gola egiteko.

76. minutuan, berriz, neurketa guztiz erabakita utziko zuen penaltia adierazi zuen epaileak azkoitiarren alde; Jon Iglesias Txistu beasaindarrak ez zuen alferrik galdu aukera, gorritxoen hirugarren gola egin baitzuen. Xabi Soraluzek egin zuen Anaitasunaren denboraldiko azken gola neurketa amaitzeko bost minuturen faltan. Bi aurkari atzean utzi zituen hark, eta area kanpotik egindako jaurtiketan ate barrura bidali zuen baloia.

Denboraldia amaituta, Xabi Artetxeren taldeak sailkapeneko hamargarren postuan amaitu du denboraldia, 37 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide