Euskal selekzioaren futboleko Hirugarren Mailako taldeak Markel Eskurtza Anaitasunako futbol jokalari azkoitiarra deitu du datorren asteartean, apirilak 25, Txerloia futbol zelaian egingo duten entrenamendurako. Hain justu, egun horretako 19:30ean egingo du lan saioa euskal selekzioak Azkoitian.
Euskal selekzioak Irlandako selekzioaren aurka lagunartekoa jokatuko du maiatzaren 2an (19:30), asteartez, Barakaldoko (Bizkaia) Lasesarre zelaian, eta Txerloiko entrenamendua partida hori prestatzeko egingo dute. Iker Bilbao buru duen selekzioak hogei jokalari ditu ditu entrenamendua osatzeko. Entrenatzaileari laguntzen arituko da, era berean, Anaitasunako gizonen taldearentzat lan egiten duen Aitor Zubizarreta azpeitiarra.
17 urtez azpikoekin, bi azkoitiar
Bestalde, joan den asteartean, apirilak 18, emakumeen euskal selekzioaren 17 urtez azpikoen entrenamendu saioan parte hartu zuten Azkoitiko bi futbol jokalarik. Anaitasunako Ane Zulaikak eta Eibar futbol taldean ari den Jone Sudupek elkarrekin osatu zuten entrenamendua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste hainbat emakumerekin batera.