Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Udalgintzan eta herrigintzan lan egiteko prest dagoen zerrenda" aurkeztu du EH Bilduk hauteskundeetarako

Andoni Elduaien 2023ko api. 21a, 08:15

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu zuen atzo arratsaldean Azkoitiko EH Bilduk, Balda plazan, eta koalizioko dozenaka kide eta herritar bildu zituen. "Ilusioa, gogoa eta lanerako borondatea duen herritar talde handia" osatu dutela azpimarratu zuen Asier Altuna EH Bilduren Azkoitirako alkategaiak.

Azkoitiko EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautes zerrenda aurkeztu zuen atzo, osteguna, Balda plazan egin zuen ekitaldian. Koalizioko dozenaka kidek eta herritarrek jarraitu zuten aurkezpen ekitaldia bertatik bertara. Eneritz Artetxek gidatu zuen ekitaldia, eta hark aurkeztu zuen koalizio subiranistaren alkategaia: Asier Altuna Lapatza

Altunak nabarmendu zuen "udalgintzan eta herrigintzan lan egiteko prest dagoen zerrenda" osatu dutela udal hauteskundeetarako. "Jende askorekin hitz egin dugu proiektuaz eta helburuez. Ilusioa, gogoa eta lanerako borondatea duen herritar talde handi bat gaude, asko gara. Harro eta ozen esaten dizuet oso pozik gaudela osatu dugun zerrendarekin", esan zuen alkategaiak. Honako hauek osatzen dute, hurrenez hurren, EH Bilduren hautes zerrenda: Asier Altuna, Ainara Goenaga, Iraitz Otaño, Itziar Larrañaga, Jon Baztarrika, Nagore Orbea, Aitor Beneitez, Maite Azpiroz, Mikel Azkoiti, Itsaso Mendizabal, Aitor Endemaño, Leire Lopez, Kepa Alberdi, Arantxa Oñederra, Suharri Aranburu, Maialen Odriozola, Gorka Aranbarri, Izaro Astigarraga, Koldo Campos eta Belen Urkizu.

Ekitaldiari ekiteko, zerrendaren aurkezpena egiteko koalizioak hautatutako guneari egin zion erreferentzia alkategaiak: "Balda plazan gaude, Gernikako arbolaren kimuaren atzean eta Oteizaren eskultura bertan ditugula. Garrantzitsuak euskaldunon historian". Aranzadi zientzia elkarteari, berriz, elkartasuna adierazi zion Altunak. "Azken urteetan, alderdi eta eragile sozialen adostasunarekin eta nazioarteko estandarrak jarraituz, lan bikaina egin dute. Egunotan bizitzen ari diren eraso zentzugabeen aurrean, gure elkartasunik beroena azaldu nahi diet".

Proposamenak eta asmoak

Zerrenda aurkezteaz gain, EH Bilduk Azkoitirako dituen hainbat asmo eta proposamen aurkezteko baliatu zuen atzoko ekitaldia. Balda plazara "Azkoitiaz hitz egitera" joan zela adierazi zuen Altunak. "2009an gobernuan zeudenek diseinatutako eta abiatutako herri proiektua agortuta dago. Azken agintaldi hauetan ildo horri jarraitu nahi izan badiote ere, inoiz baino ageriago gelditu da hori ez dela norabide egokia. Sekretismoa, proiektu argirik eza, partxeak jartzea, egitasmoak iragartzea eta ez egitea... Erabaki gehiegi hartzen dira Julio Urkixo kalean, eta horrek bukatu beharra dauka. Herritarren oraina eta etorkizuna udaletxetik erabaki behar dira". 

EH Bilduren alkategaiak adierazi zuen beraien zeregin nagusia "azkoitiarrentzat herri berri bat lantzea" izango dela. "Herri kulturan sakondu nahi dugu. Elkartasuna, errespetua eta berdintasuna ardatz izango dituen herria nahi dugu, demokrazia ardatz izango duen herria, eta ez soilik lau urtez behin bozkatzen dena. Herri eredu berri bat lantzea izango da gure lan ildo nagusienetakoa, eta horretarako, hirigintza arautzen duten arauak aldatzea izango da gakoa. Gaur egun dauden arauak zaharkituta gelditu dira. Arau horiek aldatu behar dira garai berrietara egokitzeko eta herritarren bizitza errazteko". Bide batez, "herri integratzailea" eta "berdintasunean nahiz balio aurrerakoietan oinarritutako Azkoitia" eraiki nahi dutela esan zuen Altunak. 

Aniztasuna ardatz hartuta, "herritar guztientzat bizigarria izango den herria" aldarrikatu zuen hark. "Alde Zaharrari distira eman nahi zaio, espazioak bizitzaz bete behar dira. Berdura Plaza ere biziberritu behar da. Europatik helduko den dirulaguntza eraberritze lanetarako erabiltzeaz gain, gune horrek bete behar duen funtzio ekonomiko-soziala herritarren parte hartzearekin aztertu behar da".

Halaber, irisgarritasuna "hobetzeko beharra" dagoela adierazi zuen hark, eta Urbanue zerbitzua "hobetzen jarraitzeko prest" agertu zen alkategaia. Floreagako igogailuen proeiktuko lan guztiak datorren agintaldian amaitzeko borondatea ere erakutsi zuen. Bestalde, hileta zibilak egiteko espazioa prestatzea nahi du koalizioak eta herrian dauden gune berde pribatuak herritarrei zabaltzeko moduak aztertuko dituztela nabarmendu zuen. Aparkalekuekin herrian "arazo larria" dagoela ere esan zuen Altunak, eta hori konpontzeko, herrian dauden zenbait espaziori "ordutegien araberako erabilera emateko aukera" aztertzen ari dira.

Euskararen alorrera begira, berriz, "erabilera indartzeko politika aktiboak" egingo dituztela aurreratu zuen. "Ikastea doakoa izatea lortu dugun bezala, herriko euskara elkartearekin lankidetza indartu nahi dugu; Maxixatzen elkartea beharrezkoa da". Zaintzaren inguruan, berriz, "zaintzaileak zaindu" behar direla aldarrikatu zuen, "egoitzako langileen baldintzak kontrolatuz", "anbulatorioko egoeraz arduratuz" eta "etxez etxeko langileei arreta jarriz". Energiaren gaia ere atera zuen alkategaiak, eta haren arabera datozen hamarkadetan gizarteak "ariketa itzela" izango du "trantsizio ekosoziala" egiteko. "Inoiz baino beharrezkoagoa izango da herritarron inplikazioa eta parte hartzea. Euskal Herrian zein Azkoitian, erronka itzela dugu". 

Ekitaldia Nelson Mandelaren esan batekin itxi zuen Altunak. "Denak ematen du ezinezkoa egiten den arte". Horri lotuta, herritarren konfiantza eskatu zuen Altunak. "Udaletxera bueltatzeko prest gaude. Abante Azkoitiko herria, abante maite dugun herria eta gora Euskal Herria Bildu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide