Aduna eta Deba dira Azkoitiaren Herriarteko Txapelketako lehen aurkariak

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 09:06

Oier Aldazabal, iaz jokatutako partida batean. (Andoni Elduaien)

Oteiza elkarteko eskuzko pilotariek Adunaren aurka aritu beharko dute 2023ko Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketan. Aldiz, gomazko palistek Deba izango dute aurkari. Maiatzeko bigarren asteburuan ekingo diote biek txapelketari.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak atzo, asteartez, egin zuen 2023. urteko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa, Donostian. Azkoitiak eskuzko eta gomazko paletako txapelketetan parte hartuko du aurten ere, eta atzoko zozketak erabaki zuen eskuzkoan Aduna izango dutela arerio. Gomazko paletan, berriz, Deba izango dute kontrario.

Eskuzko eta gomazko paletako taldeek maiatzeko bigarren asteburuan (maiatzak 12, 13 edo 14) hasiko dute txapelketa, eta biek etxetik kanpo jokatuko dituzte final zortzirenetako joaneko kanporaketak. Itzulerako partidak, bestalde, etxean izango dituzte maiatzeko hirugarren asteburuan (maiatzak 19, 20 edo 21).

Azkoitiak inork baino gehiagotan irabazi du eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa; hamasei bider jantzi du Azkoitiak txapela. Ohi bezala, kadete, gazte eta senior mailako partidak jokatuko dituzte eskuzko txapelketan, hiru etxetik kanpo eta beste hiru etxean. Adunaren aurkako kanporaketa gaindituz gero, Oiartzun iazko txapelduna edo Zaldibia izango lukete aurkari. Eskuzko modalitatearen aurtengo finala ekainaren 24an, larunbatez, jokatuko da.

Eskuzkoan bezala, gomazko paletan ere Azkoitiak ditu Herriarteko Txapelketako txapel gehien. Lau aldiz jokatu dute modalitate horretako txapelketa, eta Azkoitiak hiru aldiz irabazi du txapelketa, iaz azkena. Gomazko paletan ere hiruna partida jokatuko dituzte partaide bakoitzaren etxean: buruz buru kantxa osoan, binaka kantxa osoan eta buruz buruz zazpi koadroren barruan. Debaren aurkako kanporaketa gaindituz gero, Zarautz-Donostia kanporaketako irabazlea izango lukete aurkari herriko palistek. Gomazko paletako finala ekainaren 25ean, igandez, jokatuko da.

Hona hemen bi modalitateko txapelketen taulak:

Eskuzko txapelketaren taula:

Gomazko paletako txapelketaren taula:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide