AC Hotels by Marriott Cycling taldeko Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak Valentziako (Herrialde Katalanak) Master Itzulia irabazi du. Asteburuan jokatu dute txirrindularitza lasterketa, guztira hiru proba jokatuta. Larunbatean hasi zuten lehia han, eta atzo, igandea, jardunaldi bikoitza jokatu zuten.
Zapatuan, bigarren sailkatu zen Arizmendi. 70 kilometroko ibilbidea osatu zuten txirrindulariek, eta Pedro Gregori izan zen azkarrena; bi segundora sartu zen helmugan Arizmendi. Atzo goizean jokatutako proban (81 kilometroko lasterketa), berriz, Oscar Hernandez izan zen azkarrena, eta Oleg Chuzhda bigarrena. Azkoitiarrak osatu zuen podiuma, eta orduan lortu zuen liderraren maillota janztea aurrenekoz.
Arratsaldean, hiru kilometroko kronoeskalada proba jokatu zuten, eta Celestino Fernandez izan zen azkarrena. Arizmendik, ordea, sailkapen orokorreko lehen postuari eutsi zion, eta txapeldunaren maillota beretzat izan zen. Sailkapen orokorrean 03:58:33 denbora osatu zuen txirrindulari azkoitiarrak. Hiru probak Oscar Hernandez bigarren sailkatuak baino 11 segundo gutxiagoan osatu ditu Arizmendik (03:58:44), eta Antonio Martin hirugarrenak baino 24 segundo azkarrago (03:58:57).