Juaristi ISBk mailari eusteko borrokan jarraitzen du. Atzo, igandea, 102-97 hartu zuen mendean borroka horretan murgilduta dabilen Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka. Urrezko LEB Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, zenbaitek hilik jotzen zuen taldeak bizi-bizirik jarraitzen du oraindik. Atzo, zaleen ezinbesteko babesak lagunduta, azken laurdenean irauli zuen lehia Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak.
Domusa Teknik ISBko emakumeei aitortza ekitaldia egin zieten partida hasi aurretik. Joan den astean maila galdu zuen taldeak, modurik krudelenean. Etxekoek zein bisitariek asko zuten jokoan atzo, eta biek hasieratik egin zuten apustua aurkaria geldiarazteko. Defentsak erasoei gailendu zitzaizkien, eta berdintasuna izan zen nagusi. Inork ez zuen bere legea ezartzerik lortu, eta joan-etorriak etengabeak ziren. Dena den, partida abiadura hartzen joan zen pixkanaka. Bisitariak bederatzi puntura urrundu ziren arren, laurdenaren amaierarako bost puntura arrimatu ziren Odriozolarenak (25-31).
Bigarren laurdenean, Caceresko taldea berriz aldendu zen markagailuan –11 puntura gehienera ere–; egiari zor, puntuen joan-etorria nabarmena izan zen bigarren laurdenean, kanpokoek emandako kolpeari erantzuten baitzioten etxekoek. Juaristik partidari bizirik eutsi ahal izan zion, eta aldageletara sei puntu atzetik joan zen (41-47). Dinamika ez zen aldatu hirugarren laurdeneko lehen konpasetan. Bisitariak bi hiruko sartuta urrundu ziren, baina ISBk Njieren abiadura eta saskiaren aurreko ziurtasuna baliatu zituen lehian bizirik mantentzeko (74-80).
Odriozolaren mutilek defentsan oinarritu zuten lana azken laurdenean, eta aurkariak sarean ito zituzten. Erasoan, gainera, zeharo zital azaldu ziren etxekoak; hala lortu zuen lehia iraultzea Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Azken laurdenaren erdialdean lortu zuen aurretik jartzea ISBk, baina Kostas Vasileiadis jokalari ezagunak bere eguna borobiltzen jarraitu zuen, eta lehia estu mantendu zuten. Azken hiru minutuetan, ordea, etxeko taldearen puntu oldearekin gozatu zuten ikusleek. Etxekoek gogor lan egin zuten aurkariari bizitasuna kentzeko eta jaurtiketa libreen marratik erabaki zuen lehia.
Jaitsiera postuetan jarraitzen du Juaristi ISBk, baina inoiz baino biziago. Sailkapeneko hamaseigarrena da taldea zortzi garaipenekin; hain justu, Caceres Patrimonio de la Humanidad, Alimerka Oviedo Baloncesto eta CB Almansa Con Afanion taldeek baino garaipen bat gutxiago dute Odriozolarenek. Datorren ostiralean (21:00etan), Zunder Palencia sailkapeneko bigarrenaren etxean jokatuko du ISBk.