Anaitasunaren gizonen taldeak Hirugarren Mailan jarraituko du beste urte batez

Andoni Elduaien 2023ko api. 17a, 09:03

Mohamed Gourmat baloiarekin, atzo, Txerloian. (Anaitasuna)

Denboraldia amaitzeko partida bakar baten faltan lortu du taldeak mailari matematikoki eustea. Atzo, 1 eta 2 galdu zuen Xabi Artetxeren taldeak Vitoria taldearen aurka Txerloian. Emakumeen taldeak 2 eta 0 galdu zuen Gasteizen Alaves liderraren etxean.

Anaitasunaren gizonen taldeak Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko du datorren denboraldian ere. Atzo, igandea, 1 eta 2 galdu zuten gorritxoek Vitoria taldearen aurka Txerloian, baina sailkapenean atzetik dituzten taldeen emaitzak tarteko, matematikoki lortu dute mailari eustea. Emakumeen taldeak, ostera, 2 eta 0 galdu zuen zapatuan Alaves liderraren zelaian.

Atsedenaldirako maldan gora jarri zitzaion neurketa gizonen taldeari, atzo. Azkoitiarrena izan zen neurketako lehen abagunea, baina Vitoria taldeak minutu gutxian egin zituen atzoko bere bi golak; 21. minutuan egin zuten aurrena bisitariek, eta ordu erdia betetzerako bigarrena. Oro har, minutu txarrak jokatu zituzten gorritxoek lehen zatian.

Bigarren erdia, ordea, desberdina izan zen Txerloian, Aitor Barbarin eskuin hegaleko atzelariak markagailuko errenta murriztu baitzuen 57. minutuan. Zegamako (Gipuzkoa) jokalariak aldaratze bat baliatu zuen gorritxoen aldeko gola egiteko. Bisitariek lehia guztiz erabakita uzteko aukerak ere izan zituzten, baina Gorka Masach atezainak gelditu ona eginda ekidin zuen Vitoriaren hirugarren gola.

Anaitasuna saiatu zen neurketaren azken minutuetan partida berdintzen, eta lehia luzapenean sartzear zela oso gertu izan zuten gorritxoek binakoa. Julen Odriozolak baloia loratu ostean, Aimar Guembek area txikian buruz atetik gora bidali zuen baloia. Bigarren zatian maila igo zuten Xabi Artetxe entrenatzailearen mutilek, baina ez zen nahikoa izan puntua batzeko.

Lehia amaitu bezain pronto, gainera, Markel Eskurtza jokalaria omendu zuten haren lagunek, taldekideek eta taldekide ohiek. Anaitasunan egindako ibilbidea txalotu zuten haren gertukoek, eta oroigarri bat entregatu zioten. Egin beharrekoak eginda, dagoeneko maila galduta duen San Ignacio taldearen etxean amaituko du Anaitasunaren gizonen taldeak 2022-2023 denboraldia.

Anaitasuna bederatzigarrena da 34 punturekin. Touring, Lagun Onak eta Padura taldeen artean erabakiko dute azken hirugarren postua norentzat izango den. Azken hirugarren taldea Bigarren RFEF mailako euskal taldeen eskuetan geldituko da; maila horretan euskal talderen batek maila galtzen badu, Hirugarren Mailako azken hirugarrenak ere maila galduko du.

Porrota liderraren etxean

Emakumeen lehen taldeak Alaves B sailkapeneko liderraren aurka jokatu zuen zapatu arratsaldean, Gasteizko Jose Luis Compañon zelaian; Mikel Barquerorenek 2 eta 0 galdu zuten. 15. minutuan egin zuten babazorroek neurketako lehen gola, eta ordu erdia bete eta segituan, bigarrena. Halere, gorritxoek norgehiagoka estutzeko aukera ederra izan zuten bigarren gola jaso eta berehala. Maria Juaristik baloia zutoinaren ondotik kanpora bidali zuen gutxigatik. Bigarren zatian ere borrokarako grina erakutsi zuen taldeak, eta estu hartu zuen liderra.

Denboraldia amaitzeko sei partida falta ditu emakumeen taldeak. Datozen bi partidak etxean jokatuko dituzte emakumeek; lehena, Elorrio hirugarren sailkatuaren aurka, eta bigarrena, Zarautzen aurka. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamaikagarrena da Anaitasuna, 34 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide