Arnasa hartzeko garaipena aurkari zuzenaren etxean

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 10a, 09:00

Juaristi ISBkoak Albaceten, garaipena ospatzen. (ISB)

Juaristi ISBk 74-79 irabazi zuen atzo Albaceten eta ezinbesteko puntuak batu ditu datorren denboraldian Urrezko LEB ligan jarraitzeko borrokan. Datorren igandean Caceres hartuko dute Iraurgikoek Azpeitian.

Juaristi ISBk bizirik jarraitzen du Espainiako saskibaloi txapelketen bigarren eskailera maila garestian mantentzeko borroka estuan. Atzo, borroka horretan aurkari zuzenetako baten etxean jokatu zuten Iraurgikoek, eta 74-79 irabazi zioten Bueno Arenas Albaceteri.

Neurketaren hasieran lortutako abantailari bukaerara arte eusten jakin zuten Albaceten Mikel Odriozolaren gizonek. 9-20 izan zen lehen laurdenaren partziala, eta bigarren laurdenean etxekoek tartea bost puntu murriztea lortu bazuten ere (28-23), aurretik iritsi zen atsedenaldira Juaristi ISB (37-43). Partidaren amaiera bitarteko bi laurdenak izan ziren estuenak markagailuan (18-20 eta 19-16), baina hasieratik lortutako abantaila inoiz ez zuen galdu Azkoiti-Azpeitiko taldeak.

Ligako zazpigarren garaipena lortu zuen atzo Juaristi ISBk. Bi garaipen kateatu ditu, gainera, aste berean, joan den ostegunean etxean Alega Cantabria menderatu baitzuen. Atzoko garaipenarekin, Albacete bera gainditu eta postu bat egin du gora Juaristi ISBk. Sailkapenean azken hirugarren tokian da orain, atzetik dituen Albacete eta Melilla baino puntu bat gehiagorekin; puntu batera ditu goitik Almansa eta Oviedo, eta bi puntura Caceres. Hain zuzen ere, Caceresen kontra jokatuko dute Iraurgikoek datorren igandean, 19:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Sei jardunaldi gelditzen dira Urrezko LEB ligaren fase erregularra bukatzeko.

Domusa Teknik ISBk maila galdu biharamonean, Iraurgiko emakumeen talde nagusiko kideak gogoan izan zituzten Juaristi ISBkoek atzo Albaceten, eta haiei eskaini zieten garaipena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide