Matematiketarako, zain egon behar

Andoni Elduaien 2023ko api. 6a, 10:12

Xabi Soraluze etxetik kanpoko partida batean. (Anaitasuna)

Mailari matematikoki eusten dion edo ez jakiteko, Anaitasunaren gizonen taldeak gertutik jarraituko ditu sailkapenean atzetik dituen taldeen gaurko partidak. Atzo, neurketaren azken minutuetan jaso zituen bi golak Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. 

Anaitasunaren gizonen lehen taldeak 2 eta 0 galdu zuen Basconia taldearen aurka atzo, asteazkena, Basauriko Artunduaga zelaian. Atsedenaldira arte neurketa lehiatua jokatu zuten basauriarrek eta gorritxoek, baina bigarrenaren amaieran etxekoek norgehiagoka beraien aldera eramatea lortu zuten. 

Golik gabeko lehen zatia jokatu zuten Basconiak eta Anaitasunak. Golak bigarren erdiaren azken zatian iritsi ziren. 78. minutuan egin zuten basauriarrek bat eta hutsekoa. Neurketa asko zaildu zitzaion golaren ondoren Anaitasunari; are gehiago, epaileak Anaitasunako Mikel Aramendiri bigarren txartel horia erakutsi eta taldea hamar jokalarirekin gelditu zenean. Azken hondarrean, 90. minutuan, egin zuten etxekoek bigarren eta azken gola. 

Anaitasunak ireki zuen Espainiako Hirugarren Mailako 28. jardunaldia, eta beraz, sailkapenean gorritxoen atzetik dauden gainerako taldeek gaur jokatuko dituzte beraien partidak. Gertutik jarraituko ditu Anaitasunak gainerako partidetako emaitzak. 

Datorren asteburuan atsedena hartuko dute txapelketako talde guztiek. Hurrengo neurketa apirilaren 15ean, larunbatez, jokatuko du Anaitasunak, Jokin Aranbarri entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen Vitoria taldearen aurka. Denboraldia San Ignacioren zelaian itxiko dute gorritxoek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide