Errenkadan bost partida galdu ondoren, etxean letaginak erakutsi eta garaipena lortu du Urrezko LEB ligako Juaristi ISBk. Atzo iluntzean Alega Cantabriaren kontra jokatu zuen Azpeitiko Kiroldegian; eta 85-74 hartu zituen mendean. Borrokarako gogoz atera ziren kantxara Mikel Odriozolak gidatzen dituen mutilak, eta lehen zatitik aurrea hartuta aritu ziren (20-18/22-20/19-24/24-22).
Atzoko neurketa irabazi arren, sailkapenean atzeko muturrean dago Juaristi ISB, 18.ean. Hala ere, sailkapenean aurretik dituen Albacete eta Melilla puntu kopuru berdinekin ditu. Denboraldia bukatzeko zazpi jardunaldi falta zaizkie Urrezko LEB ligako taldeei. Hurrengo partida datorren igandean (18:00) jokatuko du Iraurgiko gizonen lehen taldeak Albaceteren kontra. Etxean, berriz, apirilaren 16an ariko da Caceresen kontra, Azpeitiko kiroldegian, 19:00etan.
Neskak, bukatzen
Challenge ligako Domusa Teknik ISBk zapatuan etxetik kanpo jokatuko du denboraldiko azken neurketa. Madrilen dute partida (19:00) Real Canoeren kontra. Iraurgiko emakumeen lehen taldea sailkapeneko azken hirugarren postuan dago.