Espainiako saskibaloiko emakumeen Challenge Ligako sailkapeneko Baxi Ferrol liderraren kontra jokatu zuen Domusa Teknik ISBk zapatu arratsaldean Azkoitiko kiroldegian. Denboraldiko azken aurreko partida jokatu zuen; etxeko azkenekoa. Markagailuan aurretik hasi ziren Joseba Lizarraldek gidatzen dituen neskak, lehen laurdenera 20-18 iritsi ziren, eta atsedenera, berriz, bederatzi puntuko abantaila aterata (40-31) Galiziako taldeari. Partidaren bigarren zatia, ordea, ez zen aurrenekoa bezalako izan Iraurgikoentzat, eta 67-75 galdu zuten norgehiagoka.
Denboraldiko azkenengo partida datorren zapatuan jokatuko du Domusa Teknik ISBk Real Canoeren kontra, Madrilen. Sailkapeneko azken hirugarren postuan dago ISBren emakumeen talde nagusia.
Asteazkenean, etxean
Urrezko LEB mailako Juaristi ISBk ere ez zuen emaitza positiboa lortu joan zen asteburuan. Etxetik kanpo jokatu zuen ostiral arratsaldean Tau Castelloren kontra, eta hamar puntuko aldearekin (80-70) galdu zuten.
Hurrengo neurketa asteazken honetan, apirilaren 5ean, 21:00etan, jokatuko du Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian. Cantabria izango du aurkaria.