Azkoitia zeharkatuko du Itzuliak biharko azken etapan

Andoni Elduaien 2023ko api. 7a, 08:54

Itzulia duela bost urteko edizioan Azurkitik igarotzen. (Andoni Elduaien)

14:38 eta 14:42 artean iritsiko da lasterketa Azurki gainera, eta orduan sartuko da lasterketa Azkoitian. Azkarateko mendatea saihesbidetik jaitsiko dute herrigunera, eta handik Gorlako mendatea igotzera abiatuko dira.

Bihar, larunbata, iritsiko da Euskal Herriko Itzulia Azkoitira. Euskal txirrindularitza probaren seigarren eta azken etapa jokatuko dute bihar. Lasterketaren 62. edizioa da aurtengoan, eta azken kilometroek erabakiko dute lasterketa txapela zein txirrindularirentzat izango den.

Azurkiko mendatetik (1. mailakoa) sartuko da Azkoitira lasterketa, eta Madariagatik zehar Azkarate gainera jaitsiko dira segidan. Ondoren, Azkarateko mendatea Azkoitia aldera jaitsiko dute txirrindulariek. Baztarrikaldeko biribilgunera iritsiko da lasterketa handik, eta saihesbidean Altzibarko biribilgunerako bidea hartuko du.

Altzibarren, berriz, Urretxura doan bidera zuzenduko da tropela, baina ez dira hara iritsiko; izan ere, txirrindulariek gainditu beharko duten hurrengo mendatea Gorlakoa (2. mailakoa) izango da. Elosua auzoko errepidea igo beharko du tropelak mendatea egiteko; han agurtuko du Euskal Herriko Itzuliak Azkoitia, gero Bergarara (Gipuzkoa) bideratuko baitira.

Ordutegia eta errepide itxiera

Itzuliako antolatzaile taldek egindako ordutegi aurreikuspenaren arabera, Azurkiko mendatera 14:38 eta 14:42 artean iritsiko da lasterketaren burua. Herrigunera, berriz, 14:52 eta 14:57 tartean. Handik Gorlako mendatea egitera abiatuko dira, 15:07 eta 15:14 artean iritsiko dira eguneko hirugarren mendatea egitera.

Txirrindulari lasterketak eragina izango du trafikoan. Azkoitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, bideak ordu erdi lehenago itxiko dituzte; izan ere, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) proba bat izanik, behartuta daude errepidea ordu erdi lehenago ixtera.

Hona hemen Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etaparen profila:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide