Asteburu pattal samarra izan da Anaitasunako talde nagusientzat

Julene Frantzesena 2023ko mar. 26a, 10:30

Urdulizko eta Anaitasunako hainbat jokalari atzoko partidan. (Anaitasuna)

Euskal Ligako emakumeek Oiartzunen kontra neurtu zituzten indarrak atzo, eta puntu bat eskuratu zuen Azkoitiko taldeak, hiruna berdinduta. Gizonek, berriz, Urduliz izan zuten aurkari, eta gol festa jaso zuten: 4 eta 1 galdu zuten partida.

Asteburuko jardunaldiak ez dira nahi bezalakoak izan Anaitasunaren talde nagusientzat. Izan ere, emakumeek puntu bat eskuratu dute, eta gizonek, batere ez.

Euskal Ligako emakumeek Oiartzunen kontra neurtu zituzten indarrak atzo, etxetik kanpo. Neurketa oso ondo hasi zuten Anaitasunakoek; izan ere, lehen minutuan sartu zuen aurreneko gola Oihanak. Berehala iritsi zen, ordea, aurkarien berdinketa; bigarren minutuan, hain zuzen. Lehen zatiko bederatzigarren minutuan 2 eta 1 jarri zen aurretik Oiartzun, eta atsedenaldia iristerako, 34. minutuan, sartu zuen etxeko taldeak hirugarrena.

Dena den, Anaitasunak atsedenaldia baino lehen lortu zuen aldea murriztea: Maiderrek sartu zuen 2 eta 3ko gola, 43. minutuan. Partidaren bigarren zatian izan zituzten aukera batzuk bi taldeek, baina partidaren hondarrera arte ez zen golik izan. Anaitasunako emakumeek ez zuten etsi, eta 90. minutuan Oihanak sartutako golari esker lortu zuen taldeak berdintzea. Balio handiko puntu batekin itzuli ziren, beraz, jokalariak Azkoitira.

Gizonen lehen taldeak ere atzo jokatu zuen Espainiako Hirugarren Mailako 26. jardunaldia. Taldearen izen bera duen herrian, Bizkaian, jokatu zuen norgehiagoka Azkoitiko taldeak, eta ezin izan zuen garaipena eskuratu. Lehen zatia hutsean amaitu bazen ere, bigarren zatian gol festa izan zen zelaian. Izan ere, Anaitasunak ireki zuen markagailua, 55. minutuan Julen Aramendik sartutako golari esker.

Hala eta guztiz, pozak ez zion asko iraun Anaitasunari: 62. minutuan iritsi zen Urdulizen aurreneko gola, eta 79.ean bigarrena. Partida hankaz gora jarri zitzaion Xabier Artetxek zuzentzen duen taldeari, eta 86. minutuan sartu zuen etxeko taldeak hirugarren gola. Partidaren bukaeran, 90. minutuan, Urdulizen aldeko penaltia izan zen, eta hala bukatu zen partida: 4 eta 1.

Atzoko neurketa jokatuta, Anaitasunari lau partida baino ez zaizkio geratzen denboraldia bukatzeko. Sailkapeneko zortzigarren postuan da Azkoitiko taldea, 31 punturekin, baina oraindik ere gertu ditu jaitsiera postuak. Lagun Onak, adibidez, partida bat gutxiago jokatuta, jaitsiera postuetan da, 27 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide