Azken txanpan sartu da Geure Gelatik azoka

Julene Frantzesena 2023ko mar. 25a, 15:03

Aiora Zabala 'Natura gure esku' lana aurkezten.

Goizean hiru liburu aurkezpen izan dira, eta arratsaldean mahai ingurua, liburu aurkezpen bat eta emakumeek idatzitako testuen irakurketa saioa egingo dituzte. 17:00etan zabalduko dute berriro emakumeen euskarazko literatura ardatz duen azoka, Elkargunean.

Geure Gelatik azokaren bigarren eguna da gaurkoa, eta atzoko ekitaldien ondotik, gaur ere izango da zer egin Elkargunean, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako egitasmoari esker.

Goizean, esaterako, hiru liburu aurkezpen izan dira: Petare lana aitzakia hartuta lan horretako protagonista Miren Egiguren elkarrizketatu du Leire Ibargurenek; Natura gure esku lana aurkeztu du Aiora Zabalak, Naiara Elortzak gidatuta; eta M ama eme ume liburua aurkeztu dute Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek, Josune Herrarteren gidaritzapean.

Emakumeen euskarazko literatura ardatz duen azokak, baina, arratsaldean izango du jarraipena. 17:00etan zabalduko dituzte berriz ere azokaren ateak, eta gazteentzako literaturari buruzko mahai ingurua eskainiko dute Jasone Osorok eta Alaine Agirrek, Xabier Mendigurenek bideratuta. Ondoren, 18:00etan Ibilbidea liburuaren aurkezpena egingo du Maite Lopez Las Herasek, Julen Garatek gidatuta, eta 19:00etan izango da azken ekitaldia. Hain zuzen ere, emakumeek idatzitako testuen irakurketa eskainiko dute hogei lagunek. Ondoren, azokako parte hartzaileentzat mokadutxoa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide