Azkoitiko helduen danborradako Zalduntxuk konpainiako kideek Intsausti jauregia bisitatu zuten herenegun, zapatua. Taldekide asko elkartu ziren, eta Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko Ondare zinegotziaren eskutik bisita egin zuten han.
Hain zuzen, ilustrazioaren garaia eta orduko protagonistak ezagutu zituzten helduen danborradako konpainia berriko kideek. Gainera, Mendizabalen eskutik Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko estatutuaren lehen artikuluaren diploma jaso zuten oroigarri gisa, eta hango Ohorezko Liburua ere sinatu zuten. Era berean, Antonio Oteiza Fundazioaren eta Joxe Alberdi Burruntxali artista azkoitiarraren obrak ezagutzeko baliatu zuten bisita.