Bihar taldearen Amets Pirata txotxongilo ikuskizuna izan da gaur, zapatua, Elkargunean. Udaleko Berdintasun Sailak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako egitarauaren barruan eskaini dute ikuskizuna Elkargunean, eta herritar ugari elkartu da han, aretoa ia betetzeraino. Ikuskizunean bete-betean murgilduta, gozatua hartu dute txikienek gaurkoan.
Ikuskizunak galdera bat egin die ikus-entzuleei: "Nork dio neska bat ezin dela pirata izan?". Hain zuzen, Amets izeneko protagonistak argi du pirata izan nahi duela, eta horregatik, ez du zalantzarik izango zorionaren giltza aurkitzeko abentura batean murgiltzeko, berak nahi duena lortzeko eta haur guztiek nahi dutena izateko nahiz beraien ametsak lor ditzaten.