Aitzol Apalantza azkarrena, 25. Gabiria-Legazpi rally-sprintean

Andoni Elduaien 2023ko mar. 6a, 09:37

Apalantza eta Zozaia, txapelarekin eta garaikurrekin. (Utzitakoa)

Hiru erlojupeko jokatu zituzten Gabiria eta Legazpi artean, eta hirutik bi zati irabazi zituzten Apalantzak eta haren kopilotu Jon Zozaiak. Fiesta Rally 2 autoarekin estreinakoz aritu zen bikotea.

Aitzol Apalantza Azkoitiko bizilagun errezildarrak 25. Gabiria-Legazpi rally-sprinta irabazi zuen atzo, igandea. Fiesta Rally 2 autoarekin estreinakoz aritu zen Apalantza, Jon Zozaia kopilotuak lagunduta, eta auto horrekin egindako debuta ezin hobea izan da bikotearentzat. 6,4 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten auto pilotuek, eta guztira, hiru erlojupeko jokatu zituzten Gabiria eta Legazpi artean. Errezildarrak eta Zozaiak hiru erlojupekoetatik bi irabazi zituzten, lehen biak.

Lehen erlojupekoan, 04:16 denbora egin zuen bikoteak, eta 04:11 denbora bigarrenean. Alberto Marcos eta Maialen Guridi bigarren sailkatuekiko ia lau segundoko errentarekin ekin zioten Apalantzak eta Zozaiak hirugarren eta azken erlojupekoari. Bikoteak 04:12 denbora eginda osatu zuen bidea azkenekoz, eta bigarren sailkatu ziren azken proban –04:11 denbora egin zuten, Marcosek eta Guridik egindako denboratik segundo batera sailkatuz–.

Lehen bi erlojupekoetan lortutako markei esker, Apalantzak eta Zozaiak jantzi zuten 25. Gabiria-Legazpi rally-sprinteko txapela. Alberto Marcos eta Maialen Guridi (BMW M3) sailkatu ziren bigarren, hiru segundo eta lau ehunenekora, eta Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa (Mitsubishi EVO X) hirugarren, zazpi segundo eta ehuneneko batera.

Hona hemen sailkapena:

  1. Aitzol Apalantza eta Jon Zozaia: 12:40
  2. Alberto Marcos eta Maialen Guridi: 12:43
  3. Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa: 12:47

Zozaia eta Apalantza, erdian. (Lagun Artea eskuderia)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide