Mailari eusteko beste pauso sendo bat eman du Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien 2023ko mar. 6a, 09:01

Juana Molinak lortu zuen saskiratzeetako bat. (Mikel 'Otola')

Emakumeen Domusa Teknik ISB taldeak 79 eta 67 irabazi zuen larunbat arratsaldean. Bestalde, gizonen Juaristi ISBk 84 eta 78 galdu zuen atzo arratsaldean Oviedon (Espainia).

Asteburu gazi-gozoa izan da ISBrentzat. Emakumeen lehen taldeak mailari eusteko urrats garrantzitsua egin zuen larunbat arratsaldean, La Corda de Paterna NB taldearen aurka 79 eta 67 irabazita. Atzo, igandea, gizonen Juaristi ISB taldeak 84 eta 78 galdu zuen Alimerka Oviedo Baloncesto taldearen aurka.

Domusa Teknik ISBk neurketa ona osatu zuen larunbatean Azkoitiko Elkargunean. Play-off postuetan sailkatuta dagoen arerioa izan zuten aurrean Joseba Lizarralderenek, baina atsedenaldirako markagailuan zulo ederra irekitzea lortu zuen etxekoek. Lehen laurdena bi taldeek pare-parean itxi bazuten ere (15 eta 14), bigarrenean goitik behera nagusitu zen ISB, joko ona eginda, gainera. Hemezortzi puntuko errenta hartu zuten ISBko emakumeek atsedenaldirako (44 eta 26).

Aldageletatik bueltan, ordea, bisitariak gehiago izan ziren; valentziarrak asko hurbildu ziren markagailuan, neurketa berriz ere hari batetik zintzilik jarriz (58 eta 51). Azken laurdenera tentuz kantxaratu ziren ISBko jokalariak, hirugarren laurdenean aurkariei emandako aukerak ekiditeko asmoz. Gauzak ondo eta zentzuz egin zituzten, eta azkenean, abantaila areagotuta lortu zuten denboraldiko zortzigarren garaipena.

Sara Iparragirre eta Jone Azkue izan ziren taldeko jokalari onenak. Biek hogeina puntu eskuratu zituzten, eta 23 puntuko balorazioa jaso zuten. Gaur-gaurkoz, ISB jaitsiera postuetatik kanpo dago, Picken Claret taldeak baino garaipen bat gehiagorekin. Datorren asteburuan, Melilla Sport Capital La Salle taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Lizarralderen taldeak; lMelillako (Espainia) Guillermo Garcia Pezzi pabiloian jokatuko dute larunbatean, 17:30ean.

Gizonen porrota Oviedon

Bestalde, Juaristi ISBk ez zuen atzo garaipena eskuratzerik lortu Oviedora (Espainia) egindako bidaian. Sailkapenean, eta nola ez, mailari eusteko borrokan, aurkari zuzen-zuzena izan zuten aurrean Mikel Odriozolarenek, baina 84 eta 78 galdu zuten Alimerka Oviedo Baloncestoren aurka.

Lehen laurdena parean hasi zuten bi taldeek, baina Azkoiti-Azpeitiko taldeak lortu zuen markagailuan sei puntuko zuloa irekitzea. Dena den, 25na berdinduta itxi zuten bi taldeek lehen laurdena. Bigarren laurdenak lehen laurdenaren traza handia izan zuen lehen minutuetan. ISBk zuloa ireki zuen segituan –zazpi puntura ere urrundu zen–, baina etxekoek partida garaiz berdindu zuten. Gainera, atsedenaldirako zazpi puntuko errenta hartu zuten (49 eta 42).

Bigarren zatiak garrantzia handia hartu zuen Oviedon, baina oker hasi zen ISBrentzat. Hasi eta berehala hamabi puntura urrundu ziren etxekoak. Gauzak okertuz joan ziren Pumarin kiroldegian, hamazazpi puntuko errenta ere lortu baitzuten etxekoek. Kontuak horrela, ISBk hamalau puntu atzetik zela ekin zion azken laurdenari. Halere, poliki-poliki eta asko kostata, errenta hori txikitzen hasi zen ISB; azken laurden ona egin zuen Odriozolaren taldeak, baina ez zen azken minutuetan lehia borrokatzeko gai izan.

Iñigo Royo izan zen ISBko jokalari onena. Hemezortzi puntu lortu zituen hark, hamalau puntuko balorazioa eskuratzeko. Datorren igandean, hilak 12, HLA Alicante taldea jasoko du Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian. 18:00etan jokatuko dute Odriozolarenek sailkapenaren erdialdean kokatuta dagoen taldearen aurkako lehia.

Alajie Njie ISBko joko antolatzaile suediarra. (FEB)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide