Asteburu gozoa Anaitasunarentzat

Ane Olaizola 2023ko mar. 5a, 19:08

Anaitasunako emakumezkoen talde nagusia, gaur, Txerloian. (Anaitasuna)

Futbol klubeko bi talde nagusiek erraz irabazi dituzte partidak asteburuan. Biek ala biek Txerloian jokatu dituzten neurketak: emakumezkoek 8-0 egin dute, eta gizonezkoek, 3-0.

Sendo daudela erakutsi dute Anaitasunako emakumezkoek zein gizonezkoek asteburuan, klubeko bi talde nagusiek garaipen bana eskuratu baitute ligako jardunaldietan. 

Emakumezkoek gaur jokatu dute Euskal Ligako jardunaldia Ipar Arriaga Gasteizen aurka, eta gorrixen gol festa izan da Txerloian. Erraz gailendu da Azkoitiko taldea, eta esku hutsik itzuli da Gasteizkoa, 8-0 egin baitute horiek. Zortzigarren minutuan Maria Juaristik sartu du lehenengo gola, eta gutxira iritsi da Liberena. Partida 30 minutura iristear zela, berriz, markagailua 3-0 jarri du Arettek, eta ordutik aurrera, errenkadan iritsi dira beste bost golak: Arrirena, Maiderrena, Ainhoarena... Hiru puntu eskuratuta, sailkapeneko hamabigarren postuan da Barqueroren taldea. 

Bestalde, Espainiako Hirugarren Mailako 20. jardunaldia jokatu zuten atzo arratsaldean Xabi Artetxeren mutilek Pasaiako Touring taldearen aurka, Txerloian, eta garaipen gozoa erdietsi zuten Azkoitiko gizonezkoek ere. Izan ere, 3-0 amaitu zuten neurketa, eta Anaitasunak kontrolpean izan zuen partida hasieratik. 13. minutuan iritsi zen aurreneko gola, Julen Aramendirena. Faltatik jaurti zuen baloia hark, eskuadratik ate barrura sartuz. 38. minutuan, berriz, Xabik kornerra atera zuen, eta aldaratzea bikain aprobetxatu zuen Dani Marinek, area txikian baloia barrura bultzatuz. Atsedenaldira eroso iritsi zen Azkoitiko taldea, aukera askorik egon ez arren, neurketa kontrolpean izan baitzen uneoro. Bigarren zatiaren luzapenean iritsi zen partidako azken gola; Julen Aramendiren bigarrena, gorrixek hasitako kontraerasoa borobildu baitzuen hark. Gaur-gaurkokz, sailkapeneko zazpigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide