Zumaiako 38. Herri Lasterketa jokatu da gaur arratsaldean, eta 10,2 kilometroko proba nagusia Joseba Diaz izan da garaile gizonezkoetan. Korrikalari azkoitiarraren (30:55) atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Ander Garin alegiarra (31:49) eta Koldo Aiesta gasteiztarra (33:06).
Podiuma osatu duen hirukoak, laugarren izan den Ruben Rufaza aizarnazabaldarrarekin batera, irteera eman bezain pronto egin du ihes, eta lasterketa buruan jarri da erritmo bizia jarrita. Lehen itzulia ematerako jada, Diazek erritmoa bizkortu du eta erasoa eginez, lasterketa hautsi du multzoa erabat sakabanatuz. Hala, aldeak pixkanaka-pixkanaka gehiago areagotu ditu, eta ia minutu bateko aldearekin helmugaratu da Eusebio Gurrutxaga plazan.
Emakumezkoetan, etxean geratu da txapela, Helene Alberdi zumaiarrak nagusitasunez irabazi ondoren. Une oro buru joan da, bigarren izan den Idoia Nogales debarrari bost minutuko aldea aterata (41:15); Maialen Zamakola gasteiztarra izan da hirugarrena (43:22).
Lasterketa nagusiaz gain, bost kilometroko proba laburra ere jokatu dute, eta emakumezkoetan, Onditz Alberdi azkoitiarra hirugarren izan da. Rebeka Gonzalez ibarrarra izan da onena, eta haren atzetik iritsi dira Eider Iriondo elgoibartarra eta Alberdi. Endika Donnay arrasatearra izan da bizkorrena gizonezkoetan.