Mobilizatzen jarraitzeko deia egin du Sarek otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzean

Julene Frantzesena 2023ko ots. 25a, 08:55

Atzo hainbat lagun elkartu ziren plazan. (Azpeitiko Sare)

Sarek deituta, Etxerako bidea gertu! lelopean egin zuten hainbat lagunek atzo kontzentrazioa. Azkoitiko Sarek adierazi duenez, urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren atarian dago euskal gizartea. 

Atzo, otsailak 25, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek plazan. Sarek deituta, Etxerako bidea gertu! lelopean egin zuten kontzentrazioa.

Azkoitiko Sarek adierazi duenez, urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren atarian dago euskal gizartea. "Presoak hobeto daude, eta haien hurrekoak ere bai, eta Euskal Herrian egonda, errazagoak dira haien espetxeko bizimodua hobetzeko izapideak".

Egoera hori "esfortzu eta lan handiaren emaitza" dela azaldu du Sarek: "Batetik, eragile politiko eta sozialen lan bateratuaren eta erakundeen erabakiei esker lortu da; baina batez ere, Euskal Herriko herrietako eta auzoetako pertsona askoren lan nekaezinari eta euskal gizartearen mobilizazioari esker". Bestalde, "etxerako bidearen amaieraraino iristeko eta aplikatzen jarraitzen den salbuespen politika atzean uzteko", aurrerantzean ere mobilizatzea eta lan egitea "ezinbestekoak" izango direla esan du Sarek.

Otsailean "berri on" batzuk izan direla ere jakinarazi du, hala nola hirugarren graduak eman dituztela, hirugarren graduren bat berretsi dutela eta baldintzapeko bi askatasun eman dituztela zehaztu du Sarek. Dena den, atzera ere egin dela adierazi du: Asier Karrerak –Azkoitiko bizilaguna– eta Ainhoa Barbarinek Martuteneko espetxera bueltatu behar izan dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide