Azkoitiko Udal Artxiboak Daniel eta bere seme Josu Arroitajauregi argazkilarien zuri-beltzeko irudi gehiago jarri ditu ikusgai bere webgunean. Gaur, osteguna, argitaratu ditu udal erakundeak gai desberdinak ukitzen dituen argazkiak. 2021eko otsailean abiatu zuen udalak proiektua, eta pixkanaka bilduma "osatzen" jarraitzea da haren asmoa.
Gaur arte, 1950etik 1968ra bitartean ateratako ezkontzetako argazkiak aurki zitezkeen soilik webgunean. Orain, argazki erreportaje gehiago erantsi dituzte udalaren Garai bateko Azkoitia atalera. Besteak beste, 1960tik 1965. urtera egindako hileta segizioak, 1960. urteko Martirieta auzoko zein Kontzejupeko irudiak, 60. hamarkadako helduen danborradako argazkiak, 1961. urteko herri kroseko argazkiak eta hainbat omenalditako bildumak ikus daitezke gune horretan.