Bihar, asteazkena, 19:00etan egingo du Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra. Guztira, bederatzi punturen inguruan eztabaidatuko dute udal taldeek bilkura areto nagusian. Eguneko puntu horien artean, mendekotasun prestazio ekonomikoen onuradunek jasotako zaintzaren jarraipena egiteko udalak eta Aldundiak egindako hitzarmena onartuko dute.
Horrez gain, izapide kontuak izango dituzte hizketagai udaleko bilkura areto nagusian. Aurtengo urteko Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena, udaleko erretiro aurreratuari buruzko primak ez aplikatzea eta kreditu transferentziak izango dituzte hizpide. Udal Gobernuko bi bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, Emakumeen Nazioarteko Egunerako adierazpena aurkeztuko dute.
Hona hemen biharko udalbatzarrerako gai zerrenda:
- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
- 2023ko Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.
- Azkoitiko Udaleko erretiro aurreratuari buruzko primak ez aplikatzea.
- Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmenaren onespena, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.
- Kreditu transferentzia bidez, kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, Emakumeen Nazioarteko Egunerako.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.