Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Domusa Teknik Team, mendiko lasterketetan Euskal Herriko talde erreferentea izateko helburuarekin. Punta-puntako bederatzi korrikalarik osatzen dute taldea, eta tartean bada azkoitiar bat: Borja Zubizarreta.
Azkoitiarrak lehen lerroko beste zortzi korrikalari izango ditu taldekide: Aritz Egea, Onditz Iturbe, Goar Lopetegi, Ainara Urrutia, Alvaro Ramos, Aitor Ajuria, Irati Azkargorta eta Ibai Angulo. Azken hori azpeitiarra da, eta hark zein Zubizarretak Domusa Teknik Teamen tamainako talde batean egoteaz hitz egin dute Erlo Telebistak egindako bideoan. Batak zein besteak "pozez" hartu dute taldeko kide izateko deia, eta horrelako proiektu batean parte hartzea aukera "paregabea" dela diote: "Hasieratik asko gustatu zitzaidan proiektua, eta aukera aprobetxatu beharra nuen", esan du azkoitiarrak. Bestalde, korrikalariak azaldu du etxe ondoan halako talde bat edukitzea "egundokoa" dela berarentzat, eta Euskal Herriko korrikalari "onenekin" arituko dela azpimarratu du.