Bihar, asteartea, Hubris musika taldeak post-rock instrumental doinuak eskainiko ditu Matadeixen. Hilaren 11n ekin zioten neguko Bebarruko Jardunei, eta bihar, asteartea, izango du jarraipena jaialdiak. 20:00etan hasita, 2014. urtean Friburgon (Suitza) sortutako musika taldea igoko da Matadeiko oholtzara.
Europa mailako bira ari da egiten Hubris, eta bihar, Azkoitian egingo du geldialdia taldeak, The One Above azken lana aurkezteko. Disko horretan, aurreko hiru albumetan bezala, greziar mitologian sakondu du taldeak. Kontzeptu gehigarri bat gehitu du taldeak, ordea, Platon filosofoaren lanak eta haitzuloaren alegoria aztertuz. Hain justu, lau zatitan banatu dute alegoria diskoan.
Jonathan Hohlek nahiz Matthieu Grilletek (gitarra), Nathan Grosek (bateria) eta Lucien Leclercek (baxua) osatzen dute Hubris taldea. Woodkid, Jon Hopkins, This Will Destroy You, Sigur Ros eta The Contortionist taldeen zaleentzako moduko abestiak eskainiko ditu Hubris taldeak Matadeixen. Kontzerturako sarrera 7 euroan salduko dute aretorako sarreran.