Aitorpenak mezu argiekin

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 14a, 08:45

Joseba Beristain, larunbat gauean, Goya sarien ekitaldian. (Utzitakoa)

Larunbatean banatu zituzten Goya sariak Sevillan (Andaluzia, Espainia), eta Telmo Irureta zumaiarrak aktore berri onenarena lortu du. Joseba Beristain azkoitiarraren musika daramaten Unicorn Wars eta Loop lanek, berriz, sari bana jaso dute.

Rodrigo Sorogoyen zinemagilearen eta haren As bestas filmaren gaua izan zen larunbatekoa. Espainiako Zinema Akademiaren eskutik, bederatzi Goya sari jaso zituen lan horrek Sevillako (Espainia) Fibes erakusketa eta kongresuen jauregian eginiko ekitaldian. Aitzitik, ez zen garaileen loria dastatu zuen bakarra izan. Piztia gehiago ere goratu zituzten, eta horien artean, baita eskualdekoak ere. Aktore berri onenaren saria Telmo Irureta zumaiarrak jaso zuen, eta Joseba Beristain azkoitiarrak jatorrizko abesti onenaren saririk  lortu ez arren, bere egin ditu Loop eta Unicorn Wars animaziozo filmek erdietsitako garaikurrak; izan ere, bietarako ekoitzi du musika. Esne mamitan daude oraindik ere ekitaldiaren biharamunean.

"Pozik, ilusionatuta eta eskertuta" sentitzen dela nabarmendu du Iruretak jasotako aitortzarekin. "Jaso aurreko denbora tartean denetarik pentsatzen duzu: 'Irabaziz gero, zer? Edo, ez badut irabazten?'. Aukerak banituen, baina bost aktore ginen, beraz, besteek ere nire probabilitate berak zituzten", zehaztu du. Elena Irureta aktorea eta bere izeba izendatuen izenak esatera oholtzara igo zenean, "estutasuna" sentitu zuela onartu du zumaiarrak. "Banekien ekitaldian sari bat eman behar zuela, baina ez zein alorretakoa. Oholtzan ikusi nuenean, susmo bat izan nuen saria niri emango ote zidaten. Egia esan, detaile oso polita iruditu zitzaidan".

Saria jaso eta gremio osoari zuzendu zitzaionean, "egundoko tentsioa" pasatu zuela dio: "Banekien zer esan nahi nuen, ideiak oso garbi eta ziur nituen, baina han zaudenean, horrelako momentu batean, beti geratzen zara hobeto egin zenezakeen sentsazioarekin", adierazi du. Ez du, ordea, horretarako motiborik: Iruretaren mezua ozenago esan zitekeen, baina ez argiago. Fernando Francoren La consagracion de la primavera filmean lankide izan dituenak eskertu zituen agertokitik, "esperientzia zoragarria" izan dela azpimarratuz; ez da ahaztu behar zumaiarraren lehen film luzea dela hori. Filmean gorpuztu duen David pertsonaiari ere eskerrak eman zizkion: "Desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari keinu egiten dio. Gu ere existitzen gara, guk ere txortan egiten dugu". Horrekin batera, zinema inklusiboago baten aldeko aldarria egin zuen. 

"Goya irabaziz gero, pentsatzen nuen kristoren gorakadarekin egongo nintzela, baina, egia esan, ez zen horrela izan. Oso urduri egon nintzen. Eskerrak ekitaldia hasi eta nahiko azkar eman zidatela saria, bestela... Gero, pasatutako tentsio guztiaren eta xahututako energiaren ondorena izan nuen, eta beheraldi apur batekin egon nintzen", kontatu du.

Gozatzeko gaua ere izan zen larunbatekoa. Jende asko ezagutzeko parada izan zuela azaldu du Iruretak, eta denak oso jator zuzendu zirela berarengana. Adibidez, aktore berri onenaren sarirako izendatuta zegoen Christian Checarekin oso ongi konpondu zela esan du. "Ez dakit ateak zabalduko dizkidan honek. Espero dut baietz. Behintzat, sari hau hor geratuko da!".

"Aitortza oso ederra"

Joseba Beristain jatorrizko abesti onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat zen Unicorn Wars animaziozko filmerako eginiko Batalla abestiagatik, baina Joaquin Sabinak eta Leivak jaso zuten akademiaren garaikurra. Maila pertsonalean saria bereganatu ez badu ere, zapore gozoarekin itzuli da musikagilea Azkoitira. "Banekien haiek irabaziko zutela, eta oso lasai joan nintzen. Leivari ere esan nion ekitaldia hasi baino lehen beraientzat izango zela saria. Beraz, Loop eta Unicorn Wars lanek Goya bana irabaztea oso pozgarria izan da niretzat", zehaztu du. Loop-en kasuan, nolabait ere, espero zuten animaziozko film laburren saria lortzea, baina Unicorn Wars-ena sorpresa benetan atsegina izan zela esan du. "Tadeo Jones lanarekin ari zen lehian, milaka lagunek ikusi duten animazioko filmarekin. Gainera, enpresa potentea dago horren atzean. Beraz, oso ederra izan zen halako aitortza bat jasotzea", dio apal-apal musikariak.

Aldiz, larunbat gauean, animaziozko film onenaren sariaren izena aipatu zutenean, lantalde osoa jaiki zen besaulkitik, txaloka eta sentimenduak bor-borka, garaipena ospatzeko. Telebistako kamerek ere jaso zuten Beristainen hunkidura. "Zain-zain egon ginen une hori iritsi arte, eta poza lehertu zen!".

Sariek ateak zabaltzen laguntzea espero du hark: "Jende asko ezagutu dut Goya sarietako galan, baita aurretik egiten diren festan eta topaketan ere. Hori horrela, badut gauza onak etorriko diren itxaropena". Tamalez, jendeak animazioari kasu gehiegirik ez diola egiten dio, "kategoria txikiagoko" arloa bailitzan ikusten dutela. "Nolanahi ere, hori ez da horrela. Animazioa zinema da. Gaur Twitterren ikusi dut ‘euskal ekoizpenak Goya sarietan irabazle’, baina animazioa ez zen agertzen, eta pena da, ez dagoelako behar adina aitortuta".  

Hari beretik, larunbateko ekitaldian hainbat artistak aldarri gisa eraman zuten Film laburrak ere zinema dira zioen txapa ere izan du aipagai: "Obra laburrak dira, baina ez maila txikikoak. Uste dut modu polita izan zela aldarrikatzeko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide