Gaztea sariak lortzeko hautagaietako bat da Bulego musika taldea

Andoni Elduaien 2023ko ots. 14a, 09:18

Bulego musika taldeko kideak. (Bulego)

Azkoitiko musika taldea talde edo bakarlari onenaren saria, abesti onenarena eta fandom onenaren saria jasotzeko hautagaia da. Sariak martxoaren 2an banatuko dituzte Bilbon, baina publikoak ebatziko ditu sariak boto bidez.

Gaztea sariak irabazteko hautagaietako bat da Azkoitiko Bulego musika taldea. Joan den astean iragarri zituen Gaztea irratiak sariak jasotzeko hautagaiak, eta publikoak atzoz geroztik du zazpi kategorietako bakoitzean saria nork eramango duen erabakitzeko aukera. Gaztearen webgunean eman daiteke hautagairen baten aldeko botoa, otsailaren 22a arte. 

Hain zuzen, hiru sari jasotzeko hautagaia da Bulego: talde edo bakarlari onenaren saria, abesti onenaren saria (Bulego eta Marenen Ezer ez da berdina abestiagatik) eta fandom onenaren saria; azken sari horrekin zale gehien mugitzen dituen taldea edo artista sarituko dute.

Martxoaren 2an banatuko dituzte Gaztea sariak, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna jauregian. Dagoeneko agortuta daude ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko gonbidapen guztiak. Dena den, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide