Atzo, larunbata, Go!azen 9.0 ikuskizuna eskaini zuten ETB1eko telesaileko zenbait aktorek Baztartxo antzokian. Bi emanaldi eskaini zituzten protagonistek herriko antzokian –17:00etan eta 19:00etan– eta bietan leporaino bete zen aretoa; izan ere, ia-ia sarrera guztiak agortu ziren bi saioetarako.
Haurrek eta gaztetxoek dantzarako eta kanturako aukera izan zuten atzoko ikuskizunean; izan ere, lagun bat baino gehiago aritu zen aulkitik altxatuta gorputza astintzen. Telesaileko aktoreek proban ere jarri zituzten azkoitiarrak, aktore bakoitzaren benetako eta telesaileko izenak zein ziren galdetu baitzieten ikus-entzuleei. Dena den, azkoitiarrek zuzen erantzun zituzten izen guztiak. Herritarrek ezinhobeto igaro zuten arratsaldean Baztartxon.