Anaitasunak eta Marea Urdina elkarteak antolatutako egunak aurrera jarraitu du arratsaldean. Lagunarte ederrean paella bazkaldu ondoren, Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak Eibarren aurka jokatu duen partidarako prestatu dira guztiak.
Gaurko protagonista guztiak Marea Urdina zioen oihal handi bat eskuetan hartuta zelairatu dira berdegunera. Herriko hainbat dantzarik aurreskua dantzatu dute gero Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta, eta segidan etorri da Juli Arregiren irrintzia. Ekitaldien ondoren hasi da lehia Anaitasunaren eta Eibarren artean. Jende ugari batu da harmailetan, eta antolatzaileek 35 zozketa egin dituzte bertaratu diren guztien artean. Otarreak, tabernetako nahiz jatetxeetako otorduak eta zozketa bereziak egin dituzte jarraitzaileen artean. Gaur, futbola inklusibo egin dute Txerloian, aldarria lau haizeetara zabalduz.