Azkoitiko Sarek jakinarazi duenez, Azkoitiko bizilaguna den Asier Karrera preso etxarriarrari hirugarren gradua baliogabetu dio Espainiako Audientzia Nazionalak. Karrera joan den urritik zegoen hirugarren graduan, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala erabaki zuelako.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, ordea, bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu behar izan zuen atzo gauean; 23:00etan sartu behar izan zuen hark Donostiako espetxera. Azkoitiko bizilagunak 23 urte daramatza preso, eta aurten bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Fernando Buesa sozialistaren eta haren bizkartzainaren hilketan parte hartzea leporatuta dago preso Karrera.
Etxeratek, Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak, "haserrea eta ezinegona" adierazi nahi izan ditu ohar bitartez. Elkarteak azaldu du Karreraren "eskubideak urratuak" izan direla, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du.
Hain justu, datorren asteazkenean, otsailak 15, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 19:00etan, Azkoitiko Sarek deituta. Espainiako Audientzia Nazionalak hartu duen erabakia salatuko dute, eta plataformak mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.