Eraikin hutsa, bi hormen artean

Andoni Elduaien 2023ko ots. 10a, 09:30

Iazko urrian hasi zituzten Azkoitiko Idiakez Ederra eraikina eraberritzeko lanak. Bi horma bakarrik daude egun zutik, azken asteetan gainerako guztia eraitsi baitute.

Urte luzez buruko min bat baino gehiago sortu duen Nagusia 80 eraikina hutsik da gaur-gaurkoz. 2001ean, fatxadako zatien lehen erorketak; 2005ean, hondamendi egoeran izendatzea; 2009an, etxejabeek aldamioa jartzea; gerora, aldamioaren gastua udalak bere gain hartzea; 2015ean, aldamioa udalak erostea, eta 2017an, eraikinaren jabetza etxejabeek udalari ematea. Eraikin historikoa izan arren, pasarte korapilatsu horiek ere hartu dute tartea Idiakez Ederrean azken bi hamarkadetan.

Harrezkero, udalak hainbat bide urratu ditu. 2018. urtean, Visesa sozietate publikorekin babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu zuen. 2020an, ordea, hitzarmena hautsi zuen Visesak. Orduan, udalak etxebizitza libreak egiteko erabakia hartu zuen, eta etxearen salmenta atera zuen lizitaziora. Campezok, Teusak eta Altuna y Uriak elkarrekin osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak Nagusia 80 erosteko proposamena gauzatu zuen iazko martxoan, eta udalak onartu egin zuen apirilean.

Monumentuen Multzo kategoriako Kultur Ondasun bezala izendatuta dago eraikina; izan ere, eliz atarira eta Kale Nagusira begira dituen hormak hirigune historikoen babesa duten eraikinen zerrendan daude. Eraikina birgaitzeko, beraz, bi horma horiei eutsi behar izan zaie, eta hala egin dute orain gunean obretan ari diren langileek.

Urriaren amaiera aldean hasi zituzten etxea barrutik hustu eta birgaitzeko lanak. Eraikinaren ingurua hesiz itxita hasi zituzten lanak. Nagusia 80 eraikinari eusten zioten aldamioak kendu zituzten gero, eta bi horma horiei eusteko euskarriak lotu zituzten nola eraikinaren kanpoaldean hala barrualdean. Hormak sostengatu zituztenean hasi ziren eraikina barrutik husten. Egun, berriz, eraikinaren zorua edo orubea lantzen ari dira, eta hura zatika egingo dute, era bateko edo besteko erortzeak saihesteko. Gutxitan ikusten den bezala, hormei eutsiz hasi dituzte etxebizitzak egiteko lanak.

Idiakez Ederra eraikinean hamasei etxebizitza libre eraikiko dituzte. Obrek bi urte inguru iraungo dute; izan ere, lanek amaituta egon beharko dute 2024ko uda iritsi baino lehen

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide