Bihar, ostirala, Kinkfolk eta Ur musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Zurt tabernan. 22:00etan hasiko dira kontzertuak Kale Nagusiko taberna horretan. Kinkfolk Musikeneko ikasleek eta irakasleek osatutako Donostiako funk-fusio taldea da, eta Ur musika taldea Urtzi Azkue Azkoitiko bizilagunak abiatutako proiektua
Alex Haro (saxo tenorra), Xabi Arriola (tronpeta), Ander Caro (tronboia), Victor Villa (gitarra), Jorge Hidalgo (teklatuak), Pablo Garcia (baxu elektrikoa), Edi Saborit (bateria) musikarien proiektua da Kinkfolk. Hain zuzen, musika estilo horren errepertorioa lantzeko asmoz eratu zuten taldea iaz Musikenen. Konposizioak taldearenak dira gehienbat, baina banda ospetsuen bertsioak ere sartzen dituzte tartean. Musika taldearen eraginak askotarikoak dira: groove klasikoenetik soinu garratzagoetaraino, 70eko hamarkadako fusiotik igarota.
Ur musika taldeak, bestalde, rocka, soula eta funka uztartzen ditu. Pandemia garaiko itxialdian terapia gisa hasi zen Urtzi Azkue abesti batzuk konposatzen. Dena den, David Gorospe zarauztarra eta Andre Canto brasildarra Azkuerekin batu zirenean sortu zen Ur proiektua. 2021. urtean kaleratu zuen hirukoteak Baleak diskoa euskaraz eta ingelesez egindako groove erako abestiekin. Iaz, ordea, aurpegi berriak batu ziren taldera. Gorospek eta Cantok proiektua utzi, eta Jorge Luengo (baxua), Jorge Hidalgo (teklatua) eta Markel Corral (bateria) batu ziren Ur musika taldera.