Julene Urzelairen bustoa inauguratuko dute ostiralean Trenbidearen Zumardian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 7a, 13:21

Julene Urzelai azkoitiarra omenduko dute ostiralean. (Sabino Arana fundazioa)

Ostiralean, 09:30ean inauguratuko dute bustoa. Erakunde desberdinetako agintariek parte hartuko dute Julene Urzelairi egindako aitortza ekitaldian, tartean Iñigo Urkullu lehendakariak. Bustoa jarri ondoren, Emakumeak aberria eginez izeneko erakusketa zabalduko dute Portaleburu aretoan.

Ostiralean, otsailak 10, Julene Urzelairen (Azkoitia, 1912 – Caracas, 1983) bustoa inauguratuko dute Azkoitiko Trenbidearen Zumardian. Aitortza 09:30ean egingo diote Urzelai zenari eta haren senitartekoei, eta ekitaldian parte hartuko dute haren Azkoitiko nahiz atzerriko senitartekoek eta Jaurlaritzako, Aldundiko nahiz udaleko agintariek. 

Hain justu, omenaldian izango da Caracasen bizi den Mikel Zamacona Julene Urzelairen semea. Era berean, ekitaldira etorriko dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatua eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea.

Brontzezko bustoa jarriko dute Trenbidearen Zumardian, eta lanaren egilea azkoitiarra da: Lourdes Umerez artista. Lanek 23.200 euroko aurrekontua izango dute, BEZ gabe. Azkoitiko Udalak ohar bidez azaldu duenez, "historia markatu" zuen Urzelaik, eta "gizarteari egindako ekarpenagatik" nahiz haren figurari "balioa nahiz ikusgarritasuna emateko", Urzelai zenaren omenezko eskultura jarriko dute herrian.

Egun hesituta dagoen irudiko gunean jarriko dute Urzelairen bustoa. (Andoni Elduaien)

Erakusketa, Portaleburu aretoan

Bestalde, bustoa inauguratu ondoren zabalduko dute herriko plazako Portaleburu aretoan Emakumeak aberria eginez izeneko erakusketa. Ostiraletik hilaren 26ra bitartean egongo da hura zabalik. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dituzte aretoaren ateak, eta larunbatetan zein igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Sabino Arana Fundazioaren erakusketa ibiltaria da Emakumeak aberri eginez, eta ostiralean iritsiko da herrira. "Erakusketak omenaldia egiten dio Emakume Abertzale Batzak hainbat arlotan egindako lan patriotikoari. Erakunde horretako ikonoa izan zen Julene Urzelai", azaldu du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide