Juaristi ISB garaipenaren bidera itzuli da Mellila mendean hartuta

Andoni Elduaien 2023ko ots. 2a, 08:59

Alagie Barra Njie joko antolatzailea, saskiaren bila. (Argazkiak: Mikel 'Otola')

Atsedenaldia baino lehen hamazazpi puntu atzetik ere joan zen Mikel Odriozolaren taldea. Dena den, garaiz iritsi zen lehia borrokatzera, eta garaipena lortzeko moduan izan zen ISB. Partida bakar batera du ISBk jaitsieratik kanpoko lehen postua. Alagie Barra Njie joko antolatzaile suediarra nabarmendu zen atzo ISBn.

Behar-beharrezko garaipena eskuratu zuen Juaristi ISBk atzo, asteazkena, Melilla Sport Capital aurkari zuzenaren aurka. 97 eta 86 irabazi zuen Mikel Odriozola entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak, mailari eusteko borrokan funtsezko garaipena lortuz. Partidaren hasiera espero bezalakoa izan zen. Neurketa pare-parean hasi zen, bi taldeak jakitun baitziren jokoan asko zutela. Atsedenaldiaren aurretik ihes egin zuten bisitariek, baina amaieran, ISBk mailari eusteko duen gogoa erakutsi zuen, markagailua irauli eta garaipena eskuratuta.

ISBk hartu zuen aurrea lehen minutuetan, baina bisitariek segituan irauli zuten markagailua, lehen laurdenaren erdialdera aurretik iritsiz. Lehen laurdenaren erditik aurrera, baina, egonkortu egin ziren bai markagailua bai jokoa. Erasoan, kontrol handiagoarekin aritu ziren kantxaren bi aldeetan. Halere, Melillak ordura arteko etekin handiena atera zien puntuei, partidako ordura arteko errenta handiena lortu baitzuen bigarren laurdenari ekiteko (16-22).

Bigarren hamar minutuetan oso erasokor aritu ziren bi taldeak, ISBk 26 puntu saskiratu baitzituen, eta Melillak, 32 puntu. Laurdenari ekin eta lau minutura Odriozola ISBko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen, melillarrek hamasei puntura ihes egin baitzuten. Hutsarte hark ordurakoa atzean utzi eta aurrera begiratzeko balio izan zion ISBren, etxekoak pixkanaka errenta murrizten hasi ziren eta. Partzial on batekin bederatzi puntura arrimatu zen ISB, nahiz eta azkenean, aldageletara hamabi puntu atzetik joan.

Hirugarren laurdenean, defentsako lanean nabarmendu ziren bi taldeak; izan ere, bi taldeen artean hamar puntu besterik ez zituzten saskiratu lehen bost minutuetan. Dena den, bi hiruko saskiratuta markagailua ia guztiz parekatzeko gai izan zen ISB. Defentsako lanari ere jarraikortasun handiagoa eman zioten Odriozolaren mutilek hirugarren laurdenean, eta hala, 66 eta 69 iritsi ziren azken laurdenera.

Azken laurdenari ekin eta berehala lortu zuen Juaristi ISBk markagailuan aurrea hartzea –lehen laurdenaren hasieran bakarrik agindu zuen etxeko taldeak markagailuan–. Lehia amaitzeko hiru minuturen faltan, berriz, hasi bezala berdinduta zeuden bi taldeak (82-82). Halere, Odriozolaren taldeak askoz hobeto kudeatu zuen jokoa, eta lasaitasun handiagoarekin aritu zen kantxan. Jokaldiz jokaldi, erasoan nahiz defentsan, Melillari tartea zabaltzen joan zen markagailuan ISB, harik eta amaierako hotsa entzun zuten arte. Amaieran, 97 eta 86, garaipena Juaristi ISBrentzat.

Atzoko partidak izenik utzi badu, hori Alagie Barra Njie suediarrarena da. Taldera duela egun gutxi batu den joko antolatzaileak 28 puntu saskiratu zituen, eta 35 puntuko balorazioa erdietsita bideratu zuen taldea garaipenera. Suediarrarekin batera, Nathan Hoover eta Khadim Sy (17 puntu) eta Ibon Guridi (12 puntu) izan ziren taldeko saskiratzaile onenak. Orain, lau garaipenekin, ISB Melillarekin berdinduta dago sailkapenean; jaitsieratik kanpoko postuak garaipen bakar batera dituzte Odriozolaren mutilek. Datorren igandean, 18:15ean, UEMC Real Valladolid Baloncesto taldearen aurka neurtuko ditu indarrak ISBk, Valladolideko Pisuerga kiroldegian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide