Bihar, osteguna, eta etzi, ostirala, Kandelaria eta San Blas egunak ospatuko ditu Azkoitiko Parrokiak. Bihar, Kandelaria eguna, bi elizkizunetan bedeinkatuko dituzte kandelak Azkoitian: batetik, Santa Klara komentuan 08:30ean izango den mezan, eta bestetik, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian 09:30ean egingo den elizkizunean. Gainera, egun horretan Gabonen amaiera eta Jesusen aurkezpena ospatuko dituzte.
Ohi bezala, Kandelaria eguneko ospakizun nagusian igandean egingo du Azkoitiko Parrokiak. Otsailaren 5ean, 11:00etan, aurreko urtean jaiotako edota bataiatutako haurrak pasatuko dituzte Ama Birjinaren mantupetik. Aurrez, ordea, prozesioa egingo dute Ama Birjinarekin, Azkoitian ezaguna de Irten ezazu abestiarekin batera. Hain justu, Xabier Munibek sortu zuen abesti hori 1750. urtearen inguruan. Era berean, igandean, katekesiko lehen mailako haurrak ere aurkeztuko dituzte. Aurten, Fernando Prado Donostiako Elizbarrutiko gotzain berriak zuzenduko du igandeko elizkizuna.
Ostiralean, San Blas
Etzi, ostirala, ospatuko du Azkoitiko Parrokiak San Blas eguna. Parrokiak azaldu duenez, "jatekoak bedeinkatzeko eguna" izan ohi da otsailaren 3a, eta aurten ere hala egingo dute ostiraleko bi elizkizunetan. Jatekoak bedeinkatuko dituzte Santa Klara komentuan 08:30ean egingo duten elizkizunean eta 09:30ean Andre Mariaren Jasokundeko parrokian egingo duten mezan.