Asteburu hutsala Anaitasunarentzat

Andoni Elduaien 2023ko urt. 30a, 08:59

Jonma, ezker hegaleko atzelaria, Leioako jokalari batekin lehian. (Anaitasuna)

Anaitasunak gizonek eta emakumeek beraien liga txapelketetako sailkapenen puntan dabiltzan aurkariak jaso dituzte etxean, eta biek galdu dituzte partidak. Gizonek lehen baino urrunago dituzte orain igoerako play-off postuak. Emakumeek, ostera, beheko postuetatik ihes egin nahian jarraitzen dute.

Asteburu iluna izan da Anaitasunarentzat, bai gizonen lehen taldeak bai emakumeenak galdu egin baitute asteburuan. Etxean aritu ziren bi taldeak, biak larunbatean; gizonek denboraldiko lehen porrota jaso zuten Txerloian, Leioaren aurka 0 eta 1 galduta, eta emakumeek 2 eta 5 galdu zuten Bizkerre taldearen aurka.

Erritmo handiko lehen zatia jokatu zuten Anaitasunako gizonek eta Leioak. Bi taldeek jarrera erasokorra erakutsi zuten, eta abagune pare bana sortu zuen talde bakoitzak lehen ordu erdiaren aurretik. Dena den, kontraeraso batean bizkaitarrek aurretik jartzeko gola egin zuten. Bigarren zatian, berriz, aurrera egin zuen taldeak, eta gogotik bultzatu zuten arren, ez ziren aurkaria estu hartzeko moduan izan azkoitiarrak.

Azken hiru partidetan bi puntu batuta, play-off postuetako aukerak urrundu egin zaizkio Anaitasunari. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko zazpigarren postuan dago Anaitasuna, 22 punturekin. Datorren larunbatean, Ondarroako (Bizkaia) Zaldupe futbol zelaian arituko da Xabier Artetxeren taldea Aurrera taldearen aurka. Zapatuan, 16:30ean jokatuko dute gorritxoek Ondarroan.

Emakumeen lehen taldeak, berriz, San Juan zelaian jokatu zuen larunbat arratsaldean Bizkerre bigarren sailkatuaren aurka. Hasi eta berehala egin zuten bizkaitarrek lehen gola, eta ordu erdia betetzear zela egin zuten bigarrena. Gainera, norgehiagoka ia guztiz erabakita utzi zuten kanpokoek atsedenaldirako; 43. minutuan, huts eta hirukoa egitea lortu baitzuen Bizkerrek, eta lehen zatiko azken unean, huts eta laukoa.

Atsedenalditik bueltan, gorritxoek aldea murriztea lortu zuten, eta ez behin. 53. minutuan egin zuen Anaitasunak neurketako bere lehen gola, eta 57. minutuan, bigarrena. Bizkerre estuago hartu zuen bigarren zatian Mikel Barqueroren taldeak, baina neurketako azken hondarrean bosgarren gola eginda ebatzi zuen lehia kanpoko taldeak.

Sailkapeneko hamahirugarren postuan dago egun Anaitasuna, hogei punturekin. Datorren asteburuan, sailkapenean atzetik duen San Martin Hauskaitz taldearekin neurtuko ditu indarrak Anaitasunak. Hori horrela, gorritxoak beheko postuetatik urruntzeko garaipena eskuratzen ahaleginduko dira Gasteizen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide