Eduki babestua

Ogi dastaketa saioa egingo du Labesu artisau okindegiak bihar

Erredakzioa 2023ko urt. 25a, 15:58

Okindegiak egiten dituen ogi guztiak dastatzeko eta erosteko aukera izango da Galipan tabernan, 19:00etatik aurrera.

Labesu artisau okindegiak antolatuta, ogi dastaketa saioa izango da bihar, osteguna, Azkoitiko Galipan taberna eta jatetxean. 19:00etatik aurrera egingo dute saioa, eta bertan, Labesuk egiten dituen ogi guztiak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hala, ogi zuriak -moldekoa, oliba ogia eta baserrikoa- , ogi integralak -moldekoa, ogi integrala eta intxaur eta mahaspasen ogia-, eta zekale espelta ogiak -haziduna, moldekoa eta zekale espelta ogia- eskainiko dituzte. Gozoa ere izango da dastatzeko, madalena integralak, hain zuzen ere.

Ogi desberdinak probatzeaz gain, bertaratzen direnek ogiaren historia eta bilakaera laburra, ogi industrialaren eta Labesuren produktuaren desberdintasunak, kooperatiba txikiaren baliabideak eta lan egiteko prozesua, eta ogi bakoitzaren azalpenak jakiteko aukera izango dute. “Gure ogiak ama orearekin eginda daude, ez dute legamiarik, fermentazio luzekoak dira, irin-errotan zehatutako irina erabiltzen dugu, su-egur labean egindakoak dira, gutxi oratutakoak gainera. Horrek guztiak onurak ditu digestioan, eta hori ere, azalduko dugu saioan”, agertu dute artisau okindegiko Iraitz Elordik eta Iraultza Arrizabalagak.

Osteguneko ogi dastaketan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik, eta informazio gehiago nahi duenak 632 06 74 87 Whatsapp telefonoa erabili dezake. Gainera, Whatsapp perfilean aurki dezake Labesuren ogiaren eskaintza osoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide