Atzo, asteartea, Azkoitiko Irakurle Taldeak urteko lehen saioa egin zuen Kultur Etxean. 19:00etan hasita, Nerea Ibarzabal idazleak eta bertsolariak idatzitako Bar Gloria (Susa, 2022) eleberria izan zuten hizpide. Bertsolari markinarrak literaturaren arloan kaleratu duen aurreneko liburua da Bar Gloria. Gainera, hura Azkoitian izan zen eleberriari buruzko azalpenak ematen. Ohi bezala, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak dinamizatu zuen taldearen saioa, Kultur Etxean elkartu ziren 22 lagunen aurrean.
Hurrengo saioa martxoaren 21ean, asteartez, egingo du irakurle taldeak. Orduan, Iker Sanchok itzulitako Svetlana Aleksievitxen​ Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2017) liburua izango dute hizketagai Kultur Etxean, 19:00etan.
Argibide gehiago behar duenak azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.