Etxekoa irabazi eta kanpokoa galdu

Nerea Uranga 2023ko urt. 22a, 09:48

Domusa Teknik ISBko jokalariak atzo Azkoitiko kiroldegian. (Argazkia: Mikel Amenabar 'Otola')

Domusa Teknik ISBk mendean hartu du Joventut Badalona; Juaristi ISBk, ordea, Estudiantesi ezin izan dio aurrea hartu. Mutilen lehen taldeak Barra Njie fitxatu du.

Asteburu honetan, gozotik eta gazitik izan dute Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusiek. Espainiako emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk etxean, Azkoitiko kiroldegian, Joventut Badalonaren kontra 82 eta 60 irabazi zuen atzo larunbata. Lehen zatitik hartu zuten aurrea Iraurgiko emakumeek (18-10), eta atsedenera hamabi puntuko aldearekin iritsi ziren (39-27). Partida bukaera arte gehiago izan ziren Joseba Lizarralde Rubiok gidatzen dituen neskak. Hala, 22 puntu gehiago eginda garaipena lortu zuten.

Datorren jardunaldia, 20.a, etxetik kanpo jokatuko du Iraurgiko emakumeen lehen taldeak Esteponaren aurka larunbatean, urtarrilaren 28an.

Galduta, baina fitxaje berriarekin

Urrezko LEB Ligako Juaristi ISB burumakur itzuli zen etxera, ostiralean, San Sebastian egunean. Estudiantesen kontra 75-55 galduta etxeratu ziren Iraurgiko mutilak. Hala ere, Madrildik etxerako bueltan jokalari berri bat ekarri zuten, fitxaje berria: Barra Njie. Suediarra da, eta 1,91 metro altu da. Datorren asteburuan (urtarrilak 27, 21:00) etxetik kanpo jokatuko du Iraurgiko mutilen lehen taldeak Coruñaren kontra, eta Njiek orduan egingo du debuta Iraurgirekin.

Barra Njie, Suediako saskibaloi selekzioarekin. (Argazkia: @fiaphoto)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide