Zabaldu dute Plazaberritik Kale Nagusira arteko pasabidea, eliz atarian. Aste honetan ere itxita egon da puntu hori Nagusia 80 edo Idiakez Ederra eraikina birgaitzeko lanak direla eta. Duela aste batzuk hasi ziren eraikina barrutik husteko lanekin, eta azken egunetan, besteak beste, eraikinaren mendebaleko fatxada babesteko zereginetan aritu dira langileak.
Lanak tarteko, bidea itxita egon da azken egunetan oinezkoentzat zein ibilgailuentzat. Oinezkoek eliz atariko arkupetik igaro behar izan dute, eta ibilgailuek, eliz ataritik Ibaiondo kalerako bidetik. Batetik, eraikinaren Kale Nagusiko aldean dagoen behin behineko sabaia luzatu dute, eta bestetik, fatxadari itxitura ere jarri diote. Dena den, beharginek amaitu dituzte eraikina babesteko lan horiek, eta dagoeneko normaltasunez igaro daiteke puntu horretatik.