Erretratua

Jon Albizuri: "Adinak psikologikoki gogortu egin nau"

Saioa Murua 2023ko urt. 21a, 12:00

Jon Albizuriren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Unibertsitateko ikasle zela zaletu zen Jon Albizuri lasterketetara, baina duela hamar urte "zeharo katigatu" zen triatloira. Ordutik, dozenaka lasterketa eta hamalau ironman proba jokatu ditu azkoitiarrak, eta pixkanaka, bere buruari jarritako helburuak betetzen ari da. Gasteizen du hurrengo geltokia.

Jon Albizuri Izagirre (Azkoitia, 1981) triatleta da. Unibertsitate garaian sortu zitzaion lasterketetarako grina, eta modalitate desberdinetan jardun ondoren, distantzia luzeko triatloietarako saltoa eman zuen 2012an; izugarrizko emaitzak lortua da, gainera. Izan ere, distantzia laburragoko duatloiez eta triatloiez gain, hamalau ironman lasterketa burutu ditu; adibidez, Hawaiikoa.

Duela hamar urte, lan kontuak tarteko, Suediara joan zen bizitzera azkoitiarra, eta ondorioz, bere zaletasuna egoera berrira egokitu behar izan zuen hark: "Suedia hegoaldean mendi askorik ez dagoenez, triatloia probatzea erabaki nuen, eta zeharo harrapatu ninduen kirol horrek". Gainera, azkoitiarra ez da edozerekin konformatzen, eta distantzia luzeko triatloietarako bidea hartu zuen berehala. "Gehienbat, distantzia luzeko triatloietan parte hartzen du: ironman proban –3,8 kilometro igeri, 180 km bizikletan eta 42km korrika–. Distantzia erdiko triatloiak eta duatloiak ere egiten ditut, baina horietan proba luzeetarako entrenamendu intentsiboak egiteko parte hartzen dut".

Azken urteotan gorakada nabarmena izan du triatloiak, eta azkoitiarra zeharo harrapatu du, "exijentzia" handikoa delako. Bide horretan, Albizurik prestakuntza berezirik ez duela egin jakinarazi du. "Niretzat lasterketak egitea baino harago doa triatloia; bizi estilo bat da. Ez daukat entrenatzailerik, eta gehienetan uneko sentsazioen arabera entrenatzen dut". Hala eta guztiz ere, hark nabarmendu duenez, triatloiak asko eskatzen du fisikoki zein psikologikoki, eta horrek bizitzako beste zenbait arlotan "hazteko" ere balio izan diola uste du. "Bizitzako egoera ezberdinei aurre egiterakoan, asko gogortu nau diziplina horrek". Era berean, harremanak saretzeko ere balio izan dio kirolak: "Triatloiaren barruan eraikitako lagunartea ere oso atsegin dut". Azkoitri triatloi taldeko kidea da Albizuri, eta hango lagunen jatortasuna eta prestutasuna ere azpimarratu ditu lasterkariak. "Talde jatorra da, eta hango kideekin entrenatzen saiatzen naiz batzuetan bada ere. Izan ere, besteekin entrenatzean zeure onena errazago ematen duzu, eta hori izaten da hobetzeko gakoetako bat", esan du.

Dena ez da, ordea, kolore arrosakoa izaten kirolarientzat, eta zentzu horretan, lesioak eta horiek sortutako "zailtasunak" aipatu ditu azkoitiarrak: "Lesionatzen zarenean, kirolari identitatea galtzen duzula sentitzen duzu, eta ez da erraza izaten horri aurre egitea. Baina, aldi berean, egoera horiek kudeatzeko eta gainditzeko gaitasuna izateak burua ere indartzen du". Gainera, oinezko lasterketek norberaren egoera fisikoan nahiz lesioetan duten eraginaz hitz egin du Albizurik. "Triatloiko hiru diziplinen artean korrika egitea da gorputzarentzat gogorrena, giharrek eta hezurrek pauso bakoitzean inpaktu handia jasotzen dutelako. Min pixka bat izanda ere, entrenatu izan dut hainbat unetan, eta horren eraginez, gainkargak sortutako hezur hausturak jasan izan ditut".

Distantzia luzean aritzen den triatleta on batek, norberaren jardunaren zein izaeraren araberako ezaugarriak izan beharko lituzkeela azaldu du kirolariak: "Lehenik, konstantea izan behar duzu. Diziplina handia duzula ere erakutsi behar da, baita ez duzula erraz etsitzen ere. Hiru ezaugarri horiek izatea da gakoa". Motibazioa izatea ere oinarrizkoa da Albizurirentzat. Hala dio: "Lasterketek beti motibatzen dute, baina orokorrean, entrenatzea eta triatloiari lotutako bizi estiloa edukitzea gustatzen zait gehien, eta horri heltzen saiatzen naiz".

Afizio, baina ez ofizio

Albizurik bere bizitzako arlo garrantzitsutzat du triatloiaren mundua, baina oso argi du afizioa soilik dela. Ofizioz, ingeniari kimikoa da, eta ogibide horrekin bateratzen saiatzen da lasterketek eta triatloiek eskatzen duten exijentzia maila. Hori horrela izanik, eguna antolatzerakoan, ordu guztiak "ondo egituratuta" izan ohi ditu azkoitiarrak. Izan ere, "sakrifizio handia" eskatzen du zortzi orduko lanaldiaren ostean, triatloiko hiru diziplinak praktikatzeko denbora ondo kudeatzeak. Dena den, etxetik lan egiteak horretarako bidea errazten dio. "Etxetik egiten dut lan, eta horrek, alde batetik, entrenamenduak egunean zehar egiteko malgutasuna ematen dit. Hala ere, askotan 07:00etarako igerian hasten naiz, eta bazkal orduan edo lana bukatu ondoren, bizikleta edo korrika saio bat egiten dut".

Fisikoki ez ezik, mentalki ere ondo prestatuta egotea eskatzen duen kirola da triatloia, eta hain zuzen, 2012tik 2019ra iraun zuen Suediako egonaldi hartan bizitakoak arlo horretan asko lagundu ziola azpimarratu du. "Atzerrian bizitzeak bestelako prestakuntza bat eman dit, zerbait pertsonalagoa, agian; oso esperientzia aberasgarria izan zen bizitza ulertzeko beste perspektiba bat lortzeari dagokionez". Horri lotuta, askotariko lorpenei begira jarri da azkoitiarra, eta prestakuntza oso eta on bat eginda, emaitzak positiboki baloratzen ikasi duela plazaratu du. "Beti esaten dut egun onak egoteko txarrek ere egon egin behar dutela. Agian topiko bat da, baina lasterketa txarretatik ikasi egiten da, eta hori kudeatzeak psikologikoki indartu egiten zaitu. Egia esan, lasterketa kaskar baten ondoren, emaitza ona are gehiago disfrutatzen da".

Kirolari moduan, fisikoki bere unerik gorenean ez dagoela dio azkoitiarrak, baina jasotako esperientziak eta psikologikoki lortutako prestakuntzak bidean jarraitzeko behar duen bulkada eman diotela nabarmendu du. "Fisikoki, gaztetan indartsuago nengoen, baina aldi berean, adinak psikologikoki gogortu egin nau; ironman bat egiteak eskatzen du fisikoki sasoi onean egotea, baina are garrantzi handiagoa du mentalki gogorra izateak. Izan ere, halako proba batean, gorputzak gelditzeko eskatu arren, buruak aurrera jarraitzeko bultza egiten duen momentu asko izan ohi dira".

Bulkada horiei jarraituta, oraingoz, ezarritako helburuak betetzen ari da azkoitiarra: "Tritatloian hasi nintzenean, bi helburu nagusi jarri nizkion neure buruari: bata zen Hawaiiko Ironmanerako sailkatzea, eta bestea, ironman proba bat, behintzat, bederatzi orduren buruan amaitzea. Biak lortu ditut". Hurrengo geltokia Gasteizen du azkoitiarrak; datorren urtean han jokatuko duten ironmanean, hain zuzen ere. "Etxean izanik, han ere bederatzi orduren azpitik amaitzea nahiko nuke".

Motzean

Adina: 41 urte.

Ikasketak: Ingeniaritza Kimikoan doktoratua.

Lanbidea: Hondakin uren arazketa prozesu berriztagarrietan langilea.

Triatleta ez banintz… Kirol arloan, mendi ultra trail lasterkaria izango nintzateke.

Lasterketak uztean… Momentuz ez daukat asmorik uzteko. Ez dut gehiegi pentsatzen etorkizunean. Momentua bizi eta ikusiko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide