Abiapuntua

Anartz Izagirre 2023ko ots. 13a, 09:00

Anartz Izagirre kazetariak urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Abiapuntua'.

Amaiera guztiek dute hasiera berri bat. Hastapen guztiek dakarte bizipoz apur bat, baina abiapuntu denek dute bere barnean dolu arrasto bat ere. Egiturazko aldaketak, loa galarazten diguten horiek, oztopo izan daitezke, baina makulu izan ohi dira gehienetan; esperientziak hala erakutsi dit, eta itsu-itsuan sinesten dut horretan. Tartean behin ezinbestekoa dugu azalberritze bat, batzuetan behar dugulako irakinaldi bat bizidunen munduan gaudela ohar gaitezen.

"Zergatik kazetaritza?". Amaigabeko istorioa da hori. Lanbide honek maitemindu gintuen behin, eta eguna joan eta eguna etorri oraindik gu txunditzen jarraitzen du. Ezein maitasun istorio baino toxikoagoa nahiz lotuagoa bilaka daitekeen harreman-ogibidea aukeratu genuen behinola, eta nekez utziko diogu ordutik kazetari izateari, gauden lekuan gaudela. Behin bizibide eta lanabes hitzak hautatu ditugunok, eta bere sinpletasunean nahiz konplikazioetan kazetaritza maite dugunok, nola eten ote dezakegu, bada, harekin lotzen gaituen zilbor-hestea.

Barruan igarri ei da noiz hasten den aro berri bat, negutik udaberrirako loraldia bezala

Barkatu, irakurle, zutabe honetan ohikoa dudan modu lotsagabean berriro zugana zuzentzeagatik. Nire lanaren bitartez, nolabait zeure etxera sartzen utzi didazula iruditzen zait, ustez ondoen egiten dakidan moduan, idazten, eta askotariko kazetaritza egiten; agian, ez denen gustukoa. Sentsazioa dut batzuetan etxeko zapatilekin sartu ote naizen zure buzoira, zabar, trakets, eta beste batzuetan dotoreago, nobleago. Baina beti nire lanbideari eta nire printzipioei zor diedan admiraziotik eta errespetutik. Lagun batek dioen bezala, ahal denean nahi den moduan eta ezin denean ahal den moduan.

Etenaldi bat hartzeko beharrak bultzatu nau lerrook idaztera; berriro sentitu dut abiapuntura itzultzeko beharra. Ez dakit amaiera bat noiz bilakatzen den benetako bukaera, noiztik aurrera hartzen duten erabakiek agur kutsua. Joatea eta itzultzea hain zaizkit erlatiboak non ez bainaiz kapaza ekidistantzien inguruan zentzuko ezer esateko. Baina hitzartutako itzuleretatik harago, barruan igarri ei da noiz hasten den aro berri bat, negutik udaberriko loraldirako aldaketa bezala.

Alicek untxi zuriari jarraitzea erabaki zuen behin, eta untxilekutik behera erori zen, lurralde miresgarrira. Zenbat gauza iradoki ote ditzakeen Lewis Carrollen harribitxiaren pasarte horrek –eta zernolako beharra izaten dugun batzuetan gure burua alegiazko pertsonaiekin identifikatzeko–. Alicek untxiari galdetu omen zion: "Zenbat denbora da betiko?". Eta untxiak erantzun: "Batzuetan, segundo bakar bat". Erori naiz neu ere pixketarako. Eskerrik asko, bultzada izan zareten guztioi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide