Etzi, larunbata, emakume pilotariek sortutako Ados Pilota klubaren eskuz binakako txapelketako bi partida jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 18:00etan hasita, promozio mailako eta lehen mailako eskuz binakako pilota partida bana jokatuko dute han. Eguneko protagonisten artean izango da Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra.
Abenduaren erdialdean ekin zioten txapelketari. Aurten, ordea, iaz izan ez zituzten zailtasunekin egin dute topo bidean; izan ere, ETBk emakumeen pilota klubari adierazi zion aurten ez dutela telebistaz partidarik eskainiko. Telebistaren ezezkoaren ondorioz, klubak Eusko Labelekin hitzartuta zuen babesletza ere bertan behera gelditu zitzaien.
Dena den, pilota txapelketa martxan da, eta etzi iritsiko da Azkoitira. Promozio mailako partidan, Galeano eta Arrastia arituko dira gorriz, eta Aranburu eta Perez, urdinez. Lehen mailako partidan, berriz, herriko pilotari bat arituko da: Eneritz Arrieta. Zabalarekin arituko da larunbatean azkoitiarra, eta Zabaleta eta Agirre izango dituzte aurkari.
Pilota partidak ikusteko sarrerak 5 euroan eskuratu ahalko dira Gurea pilotalekuko leihatilan.