Anaitasunak, batean kale eta bestean bale

Ane Olaizola 2023ko urt. 8a, 18:30

Asteburu gazi-gozoa izan da Azkoitiko futbol klubarentzat; izan ere, gizonezkoek San Ignacioren aurka garaipena erdietsi zuten atzo arratsaldean (1-0), baina emakumezkoek ezin izan dute Peña Athletic Santurtzi mendean hartu (2-3).

Anaitasunako talde nagusiek Txerloian jokatu dute ligako partida bana atzo eta gaur, eta asteburu gazi-gozoa izan da Azkoitiko klubarentzat. Izan ere, gizonezkoek garaipena erdietsi zuten atzo arratsaldean, baina emakumezkoek esku hutsik bukatu dute jardunaldia.  

Emakumezkoen Euskal Ligaren 16. jardunaldiko partida jokatu du gaur arratsaldean Anaitasunak, Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka. Norgehiagoka hasi bezain pronto sartu du Anaitasunak aurreneko gola, Arrik bigarren minuturako zulatu baitu Santurtzikoen atea. Ordea, azkoitiarrek ezin izan dute errenta handiagorik lortu, minutu gutxira iritsi baita bizkaitarren gola, kornerretik. Gorrixek hasiera ona eman badiote ere, Santurtzi neurketan sartzen joan da pixkanaka, eta partida parekatua jokatu duten aurreneko zatian. 70. minutuan, berriz, gorrixek aurretik jarri dira berriz, Santurtziren atezainari ihes egin baitio baloiak eta Maiderrek aprobetxatu egin baitu aukera. Ordea, 78. minutuan bizkaitarren berdinketa iritsi da, eta norgehiagoka amaitzen ari zela kontraerasoan area barrura sartu, eta Santurtziren gol erabakigarria iritsi da. Beraz, 2-3 amaitu da haien neurketa. Sailkapeneko erdiko postuetan jarraitzen du Anaitasunak, eta datorren astean Lakua taldea izango du aurrez aurre, Gasteizen. 

Bestalde, Anaitasunako gizonezkoen aurreneko taldeak Espainiako Hirugarren Mailako 15. jardunaldia jokatu zuen atzo Txerloian, eta gorrixek San Ignacio taldea hartu zuten etxean. Norgehiagokaren aurreneko zatia aukera gutxikoa izan zen batarentzat zein bestearentzat, baina garbienak etxekoek izan zituzten. Bigarren zatian iritsi zen partidako gol bakarra; Anaitasunakoena. Xabik sartu zuen gola, hura zelairatu eta gutxira; partidaren 83. minutuan, hark eman zion garaipena taldeari. Hiru puntu eskuratuta, gaur-gaurkoz sailkapeneko zortzigarren postuan da Anaitasuna. Datorren astean, berriz, Azkoitiko taldeak Pasaia hartuko du etxean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide