Iritsi dira aurten ere Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Elosura. Auto baten atoi gainean iritsi ziren hiru lagunak Azkoitia eta Bergara arteko auzora. Haien laguntzaileek argi-zuziekin eta tronpeta nahiz danbor hotsez zabaldu zieten bidea hiru Errege Magoei, eta bide bazterretan bildutako herritarrek ilusioz eta pozarren hartu zituzten auzorako hiru lagunak.
Auzora iritsi bezain laster, han bildutako herritarrak agurtzeko tartea hartu zuten, baina lehenengo Jaiotzara joan ziren hari adorazioa egitera. Ondoren, hiru erregeak eserleku banatan jarri ziren, eta umeak txandaka-txandaka gutunak ematen hasi ziren Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri. Haiek, trukean, gozokiak eman zizkieten haurrei.
Argazkiak: Ibon Errazu
Egoitzara bisita
Atzo, kabalgata egin aurretik, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek San Jose egoitza ere bisitatu zuten. Hiru erregeek egoiliarrekin egoteko tartea ere hartu zuten, eta opariak banatu zituzten. Gaspar erregeak adierazi duenez, "oso hunkigarria" izan zen bisita.