Bihar jarriko dituzte salgai 'Go!azen 9.0' ikuskizunerako sarrerak

Andoni Elduaien 2023ko urt. 4a, 13:02

Otsailaren 11n, ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dituzte Go!azen telesaileko aktoreek. Lehena, 17:00etan izango da, eta bigarrena, 19:00etan. Sarrerak bihar jarriko dituzte saltzen Entradium atarian.

Go!azen 9.0 ikuskizuna Azkoitira iritsiko da otsailaren 11n, eta bihar, osteguna, Baztartxon eskainiko duten ikuskizuna ikusteko sarrerak jarriko dituzte salgai Entradium atarian. 10:00etan aterako dituzte sarrerak salmentara, eta erabiltzaile bakoitzak gehienez sei sarrera eskuratzeko aukera izango du.

Guztira, bi emanaldi eskainiko dituzte otsailaren 11n. Lehena, 17:00etan izango da, eta bigarrena, 19:00etan. Aurten, Saioa, Gontzal eta Alain dira Basakabiko ikasle berriak, eta haietako batek, sekretu bat gordetzen du. Ikasle berriak jada "beteranoak" diren gainerako ikasleekin nola moldatzen diren ikusteko aukera izango da Baztartxoko antzokian. Dena den, ez dira faltako maitasun istorioak, gezurrak, abentura eta musika. Ohi bezala, musika eta dantza izango dira aurten ere Go!azen ikuskizunaren protagonistak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide