Hirugarren urtez jarraian, World Athletics erakundeak ematen duen Road Race Label izeneko zigilua jaso du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak. Diego Garciaren oroimenezko lasterketa mundu mailako proba onenen egutegian da, beraz, aurten ere.
Lasterketak "erakunde ofizial guztietako neurriak" betetzen dituela egiaztatzen du Road Race Labelek; besteak beste, maratoi erdian lortutako markak nazioartean homologatuta egotea bermatzen du horrek. Gainera, Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, zigilua eskuratu duen Euskal Herriko lasterketa bakarrenetarikoa da.
Martxoaren 25ean, larunbatez, izango da aurtengo maratoi erdia. 30. edizioa izango da aurtengoa, eta haren antolatzaileak prestaketa lanetan ari dira azken hilabeteetan. Hain zuzen ere, haiek azaldu dutenez, hil honetan bertan zabalduko dute proban izena emateko epea, eta aurtengo lasterketaren leloa ere horrekin batera aurkeztuko dute.