Bihar, asteartea, Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak eta Elkarguneak Gabonetarako prestatu dituzten azken saioa eskainiko dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Hain zuzen, Trokolo Teatro konpainiaren Txus & Txu antzezlana ikusteko aukera izango dute herritarrek han, 17:00etatik aurrera. Antzezlana ikusteko sarrera doakoa izango da, eta beraz, herritar orok izango du saioaz gozatzeko aukera.
Txus emakumea eta Txu gizona, kasualitatez elkartuko dira etxepean. Bizilagun bihurtuko dira, eta elkarrekin bizitzen ikasi beharko dute. Bi protagonisten pertsonalitateek, ordea, harmonian eta elkarrekin bizitzeko interesa dute, eta egoera zentzugabeak egitera iritsiko dira.
Ludotekako eta gaztelekuko ekintzak
Bestalde, gaurtik ostegunera bitartean, Negune Bai eta Gazte Astea egingo dituzte Abarketatxo ludotekan eta Artxamendi gaztelekuan, hurrenez hurren. Abarketatxo ludotekan, sukaldean arituko dira gaur, Gabonetako apaingarriak sortuko dituzte bihar, patinatzera irteera egingo dute etzi, eta ostegunean, lehia dibertigarriak egingo dituzte.
Artxamendi gaztelekuan, berriz, areto futbol txapelketa jokatuko dute gaur, sukaldaritza nahiz dantza tailerrak egingo dute gaur, patata tortilla lehiaketa eta mus txapelketa jokatuko dituzte etzi, eta ostegunean, ginkana egingo dute herrian zehar.