Iban Larrañaga erremontistak bigarrenez jantzi du binakako txapela

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 12:39

Larrañaga, ezkerrean, eta Segurola bikotekidea, eskuinean. (Argazkiak: Oriamendi2010)

Erremontista azkoitiarrak eta Beñat Segurola aizarnazabaldarrak 40 eta 34 irabazi zieten atzo, osteguna, Ander Goikoetxea Goikoetxea V.ari eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.ari. 2019an, Javier Urrizarekin lortu zuen Larrañagak binakako lehen txapela, eta atzo, Segurolak lagunduta lortu zuen binakako txapela bigarren aldiz janztea.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen atzo, osteguna, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. Beñat Segurola aizarnazabaldarra bikote zuela, 40 eta 34 hartu zituzten mendean Ander Goikoetxea Goikoetxea V.a eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a. Tarte zabala ireki zuten hasieran Urola Kostako bi erremontistek, baina amaiera aldean estu hartu zituzten Goikoetxeak eta Barrenetxeak txapeldunak.

Oso indartsu kantxaratu ziren Segurola eta Larrañaga. Azkoitiarra nagusi izan zen hasieran pilotalekuan, 8 eta 0 nahiz 10 eta 1 partzialekin ekin baitzioten lehiari. Larrañaga izan zen protagonista argia partidaren hastapenetik erdialdera arte. Erditik aurrera, berriz, Segurolak hartu zion lekukoa azkoitiarrari. Bikote urdinean, berriz, ondo aritu zen Goikoetxea V.a. Barrenetxea IV.ak, aldiz, ez zuen asmatu pilota behar bezala gurutzatzen, pilota ez baitzitzaion behar bezala irteten eskutik. Kontuak horrela, bederatzi tantoko abantaila behin baino gehiagotan izan zuten Segurolak eta Larrañagak (10 eta 1, 13 eta 4, 29 eta 20 nahiz 30 eta 21).

Dena den, Goikoetxeak eta Barrenetxeak ez zuten amore eman eta asko hurbildu ziren markagailuan. Markagailua 34 eta 29 gorrien alde egotetik 34 eta 33 egotera igaro zen; ikaragarri estutu zen lehia. Bikote bakoitzak beste tanto bana egin zuen ondorengo bi tantoetan, 35 eta 34 jarriz, baina orduan Segurola agertu zen. Aizarnazabaldarrak hiru pilotakada on jota lau tantoko errenta zabaldu zuen (38 eta 34). Ordubete eta bederatzi minutuko lehia, berriz, Larrañagaren bi sakerekin amaitu zen.

Atzoko finalean, Larrañagak 11 tanto egin zituen sakez eta zazpi jokoan. Segurolak, berriz, hamazazpi tanto egin zituen jokoan. Hori horrela, adituek aizarnazabaldarra hautatu zuten finaleko pilotari onena. Larrañagak bigarren aldiz jantzi du binakako txapelketako txapela, eta lehen aldiz jarri zioten buruan txapela Segurolari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide