Urtezahar gauean suziri edo artefaktu piroteknikorik ez jaurtitzeko eskatu die Azkoitiko Udalak herritarrei, "eragiten dituzten sute arriskuak edo sor ditzaketen kalteak saiheste" aldera. Erakundeak adierazi du Gabonetan "ohikoa" bihurtu dela suziriak, bengalak edo askotariko artefaktu piroteknikoak erabiltzea. Horren aurrean, udalak eskatu du horrelako objekturik ez jaurtitzeko, "herritarren eta espazioen segurtasuna bermatzeko".
"Azken urteotan, ospakizunetan askotan erabili ohi dira argidun globo edo kandela flotagarriak. Sugar bati esker artefaktuak gorantz egiten du baina ezinezkoa da norabidea kontrolatzea, haizearen menpe geratzen delarik sute arrisku handia eraginez, besteak beste, zuhaitzak dauden guneetan, landa eremuetan, arropak zintzilikatzen diren tokian, instalazio industrial edo energetikoetan".